Kontrolatzaileen %85ek sinatu dute lan egingo dutela

«Xantai arriskua» desagertu ez delakoan, alarma egoera luzatu nahi du Madrilek. Gaur bozkatuko dute

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako aire kontrolatzaileen %85ek Eguberrietan lan egingo dutela hitzeman dute idatziz. USCA Aire Kontrolatzaileen Batasun Sindikalak gutun bat bidali die langile guztiei negoziazioaren alde egiten dutela eta zerbitzua bermatuko dutela adieraz dezaten, eta dagoeneko langileen %85ek sinatu dute gutun hori. Herenegun Espainiako Gobernuak zioen «xantai arriskua» ez zela desagertu, eta Eguberrietan abenduaren 3ko «kaosa saihesteko» hartu duela alarma egoera luzatzeko erabakia. Hain justu, gaur bozkatuko da Kongresuan proposamen hori.

USCAk gatazka negoziazioaren bitartez konpondu nahi duela dio Camilo Cela sindikatuko presidenteak, eta langileak, lan ituna negoziatzeko, mahaira joateko prest daudela alarma egoera kentzen bada. Izan ere, haien irudiko, alarma egoerak irauten duen bitartean negoziatzerik ez dago. «AENAk nahi izanez gero, akordioa hamar egunean lor daiteke». Espainiako Sustapen Ministerioak otsailean egindako proposamena onartzen dutela azaldu du sindikatuak, eta AENAk abenduaren 3tik horren berri baduela zehaztu du. Akordioa lortzeko, negoziazioa lehenetsi dute kontrolatzaileek arbitratzearen tokian, akordioa «inposizio bat» baino iraunkorragoa delako.

Bide batez, abenduaren 3an aire kontrolatzaileek egin zituzten lanuzteak «halabeharrez» hartutako erabakia izan zela argudiatu du sindikatuak, «azken hilabeteetan langileek AENAren presioak jasan baitituzte». Haatik, sindikatuak lanera joan ez zirenei itzultzeko eskatu ziela azaldu du, «normaltasuna berreskuratzeko».

Beste osagarri bat bozketan

USCAren jarrerak beste osagarri bat gehitu dio gaur Espainiako Kongresuan izango den eztabaidari. Abenduaren 4an ezarritako alarma egoera luzatzea eztabaidatuko dute, eta aste hasieran luzapena lortzeko behar besteko babesa zuen arren, gaur zer gertatuko den ez dago argi. EAJk eta CIUk Espainiako Gobernuari babesa emango ziotela jakinarazi zuten duela hiru egun, baina, horretarako, gobernuari eskatu zioten alarma egoera «behar bezala» justifikatzeko.

PPk, besalde, abenduaren 4ko alarma egoera ezartzea arrazoitzen duten agiriak eskatu dizkio gobernuari. «Lau orri eta erdi» eman dizkietela jakinarazi du, eta alarma egoera bat arrazoitzeko «zerbait gehiago» behar dela uste du.

Gobernuak, bitartean, azpimarratu du kontrolatzaileen grebak sortutako kalteak kontrolatzaileek eurek ordaindu behar dituztela. Hain zuzen ere, aireko bidaien enpresek 100 milioi euro eskatuko dizkiote AENAri abenduaren 3ko eta 4ko gertaerek sortu dizkieten galerak ordaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.