Sutea

Kontrolpean dago Faltzesko sutea

Bost hektarea pinu erre ditu suteak. Suhiltzaileak zaintza lanetan ari dira, berriz piztu ez dadin.

Suhiltzaile bat itzaltze lanetan. BERRIA / NAFARROAKO GOBERNUA
2017ko abuztuaren 3a
12:43
Entzun

Lehen datuen arabera, suteak 5 hektarea pinu erre ditu. Isabel Elizalde Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazio kontseilaria Faltzesera joan da, eta Valentin Garcia Olkoz alkatearekin bildu da.

Elizalderen arabera, suteak batik bat 50 urte inguruko Alepo pinuari (Pinus halepensis) eragin dio. Gainera, Mediterraneo aldean ohikoa den sastraka ugari ere erre ditu, hala nola erle belarra, erromeroa, kaskailua... Duela hiru urte, inguruko oihanartea garbitzeko lanak egin ziren, eta horrek eragotzi egin du sutea kalte handiagoak eragitea.

Javier Baiona Nafarroako Suhiltzaileen buruak azaldu duenez, orain zaintza lanetan ari dira suak indarra hartu ez dezan berriro. Kea darien eremuei ura botatzen diete. Haizerik ez egoteak lan hori errazten duela zehaztu du, eta baldintza egokiak direla.

Itzaltze lanak

Tafallako, Lodosako eta Azkoiengo parkeetako suhiltzaileek goizaldeko 03:00etan kontrolatu dute sutea. Foruzaingoaren arabera, zaborra zegoen leku batean piztu zen sua —etxebizitzetatik gertu—, eta, haize bolada gogorren eraginez, mendirantz zabaldu zen, pinudietaraino

Hasiera batean, Azkoiengo eta Tafallako parkeetako suhiltzaileak mugitu ziren Faltzesera, baita bi helikoptero eta Noaingo aireportutik atera zen Azor hegazkina ere. Helikopteroek herriko igerilekuetatik hartzen zuten ura.

Ondoren, taldea indartu zuten Agonzilloko (Errioxa) beste bi hegazkinekin eta Tuterako suhiltzaileekin. Nafarroako Gobernuko basozainak eta ingurumen teknikariak ere joan ziren.

21:30ak aldera, ez zenez ondo ikusten, hegazkinak baztertu eta Lodosa eta Cordovillako brigadak batu ziren sua itzaltzeko lanetara. Guztira, 40 suhiltzaile baino gehiago aritu dira atzoko arratsaldeaz geroztik sutea kontrolatzeko lanetan. Faltzesko alkatea, Guardia Zibila eta Nafarroako Foruzaingoa ere han izan dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.