EKT-REN AKZIODUNEN BATZARRA

Kontseilari berriak izendatzea eta kapitala handitzea onetsi dute

Iazko kudeaketa onartu eta aurrera begirako proiektuei buruzko informazioa jaso dute EKTren akziodunek

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
ANDOAIN
2004ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Goizeko hamarrak jotzeko ziren, eta Partin Ugalde Kultur Parkeko atariko karpa sarreran jende ilara luzea ikus zitekeen eguzkipean. 300 bat akziodun bertaratu ziren. Besteak beste Berria egunkaria, berria.info informazio gunea eta hainbat eskualdetako Hitza egunkariak abiarazi dituen EKT Euskarazko Komunikazio Taldearen kapital osoaren %4,1 zuzenean ordezkatu zuten 300 pertsona horiek. Ordezkaritzaren bitartez osatutako kapital kopurua, berriz, %22,08 izan zen. Guztira, batzarrean kapitalaren %26,18 izan zen ordezkatua.

10:30ak aldera hasi zen batzarra. Akziodunek EKTren Administrazio Batzordeko zortzi kideetatik zazpi zituen aurrean: Joxean Lizarribar lehendakaria, Joanmari Larrarte idazkaria, eta Ane Agirregomezkorta, Adolfo Arejita, Patxi Noblia, Joxemari Sors eta Pello Zabala. Lizarribarrek eman zion bide egitarauari, Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako operazioaren kolpea eta Iñaki Uriak eta Xabier Alegriak oraindik ere preso jarraitzen dutela gogoratu ostean.

EKT nola sortu zen gogoratu ostean, Berriako zuzendariari, Martxelo Otamendiri eman zion hitza Joanmari Larrartek. Azken horrek, iazko ekainaren 21ean argia ikusi zuen egunkariak egin dituenak aletu zituen, eta urritik aurrera gazteentzako gehigarri bat argitaratuko duela jakinarazi zuen.

Jarraian, Joanmari Larrartek EKTren kontuak aurkeztu zituen. «6-7 hilabeteko jardueraren balantzea da honakoa. Urte osoko neurria hartuko bagenu, 9.000.000 euro inguruko aurrekontua duen enpresa taldea izango genuke eta, ia erdia pertsonal gastuek betetzen dute 250 langile inguru ari dira lanean enpresa guztien artean eta 1,5 milioi euro egunkariaren inpresiorako lirateke. 2003ko emaitzak etekina eman du». Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntzen berri ere eman zuen EKTren Administrazio Kontseiluaren idazkariak: «2003ko dirulaguntzaren zati bat, laurdena, oraindik jaso gabe dago, eta dirulaguntzaren %75 duela bi aste jaso da».

Batzarraren bigarren atala, EKT taldeak parte hartzen duen enpresei eta proiektuei buruzko informazioa eman zuten batzarrean. Iaz Tolosaldeko, Oarsoaldeko eta Lea-Artibaiko Hitza-k abian jarri zirela gogoratu zuen Enekoitz Esnaolak, tokian-tokiko informazioa lantzeko sortu den Bertako Hedabideak enpresaren arduradunak. Aurten Urola-Kostako Hitza sortu dutela nabarmendu zuen Esnaolak, eta tokian-tokiko egunkariak sortuz euskarazko prentsa indartzeko helburuari jarraiki, urtea amaitzerako Goierriko eta Donostiako Hitza-k ere sortzekotan direla erantsi zuen.

Jarraian etorri ziren 2004rako kudeaketa planaren eta aurrekontuen aurkezpena. «Urte honen helburu nagusia enpresa eta produktuak sendotzea da», esan zuen Joxean Lizarribarrek. EKTren kapitala handitzeko beharra ere nabarmendu zuen Lizarribarrek: «Jakin badakigu erakunde eta norbanako batzuek oraindik ez dutela akziorik erosi eta egiteko asmoa badutela. Hori dela eta, gure ekimenei ekiteko zenbat baliabideren beharra dugun kontuan izanda, berriro kapitala handitzeko proposamena dakarkigu». Proposamena onartu zuen batzarrak. Administrazio Kontseiluan beste hiru kideri sarrera ematea ere onartu zen.

Galde-eskeen tartean, hiru gairen inguruko kezka agertu zuen akziodun batek: egunkaria astelehenetan ateratzeko beharra, Berriaren duen euskara maila eta banaketarekin zenbait zonaldetan dauden arazoak. Hiru gai horien inguruan, hainbat akziodunek eman zuten iritzia. Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartuk ere hartu zuen hitaz, EKT posible egin duten guztiei «zorionak» emateko. Txalo zaparrada batekin erantzun zuten akziodunek. Joxean Lizarribarrek Adolfo Arejita kontseilukideari zorionak eman zizkion amaitzeko, euskaltzain izendatu berri dutelako.Batzarra amaitutakoan, Joanmari Larratek bileran hitz egindakoa laburbildu zuen: «Urtebeteko bidearen balorazio positiboa egin dugu. Zorionez, 2003ko diru-kontuek emaitza positiboa eman dute. Diruz, Berria osasuntsu dago, eta badauka nahiko indar eta ekimen urte luzeetan aurrera egin eta egunez egun hobetzen joateko». Aurrera begira aurreikusi ziren erronkei buruz, eskualdeetako egunkarien bidean jarraitu, enpresa behar bezala egituratu eta astelehenetan Berria ateratzeko aukera aztertu nahi dutela esan zuen.

-

Hartutako erabaki nagusiak





Atzoko batzarrean aho batez hartu ziren erabaki guztiak. Hona hemen, laburbilduta, akziodunen onespenarekin hartutako erabaki nagusien zerrenda:

Iazko kontuak onartzea: 2003ko balantzea, irabazien eta galeren kontua eta kudeaketa aurkeztu zitzaizkion batzarrari, eta horrek onartu egin zuen.

Kapital handitzea: Enpresaren kapitala handitzeko aukera zabaltzea erabaki zen. Baimena eman zitzaion Administrazio Kontseiluari kapitala handi dezan, bi mugen barruan: kopurutan, gehienez ere 2.000.000 eurotan handitzeko aukera izatea; epetan, 5 urteko epea izango du Administrazio Kontseiluak egoki ikusten dituen kapital handitzeak egiteko. Bidenabar, Administrazio Kontseiluari baimena eman zitzaion lortutakoarekin handitzea itxi eta estatutuetan behar dituen aldaketak egiteko.

Sozietatearen auditorea izendatzea: Amadeo Cazenave auditore donostiarra izendatu zen EKTren auditore, bost urterako.

Kontseilarien kopurua aldatu eta berriak izendatzea: Gotzon Hermosilla eta Elene Barandiaran izendatu ziren kontseiluko kide, EKTren langileen izenean. Horrez gain, Iñaki Dorronsorok utzitako lekuan Rebeca Arraras jartzea erabaki zen. beste bat izendatzea. Erabaki horiekin, 11 laguneko Administrazio Kontseilua izango du EKTk hemendik aurrera. Horrenbestez, honakoa da aurrerantzean ariko den Administrazio Kontseilua: Joxan Lizarribar, Patxi Noblia, Joanmari Larrarte, Xabier Kintana, Adolfo Arejita, Pello Zabala, Ane Agirregomezkorta, Joxemari Sors, Rebeca Arraras, Gotzon Hermosilla eta Elene Barandiaran.

Ahalak ematea: Administrazio Kontseiluaren lehendakariari eta idazkariari batzarrean hartutako erabakiak publiko egiteko ahala eman zitzaien.

Hiru izen eta gogo gehiago EKTren Administrazio Kontseilua erabat osatzeko





Kontseiluak 11 kide ditu atzotik, Rebeca Arraras, Elene Barandiaran eta Gotzon Hermosilla kide izendatuta

edurne soraluze -andoain

EKT Euskarazko Komunikazio Taldearen Administrazio Kontseilua zortzi kidez osatua zegoen atzora arte. Iazko ekainean 11 laguneko taldea osatzea erabaki zen, eta horietatik bi langileen artean aukeratutakoak izan behar zirela. Hasiera batean bederatzi laguneko Kontseiluak ekin zion lanari, EKT enpresan oraindik ez baitzegoen langilerik: Ane Agirregomezkorta, Adolfo Arejita, Iñaki Dorronsoro, Xabier Kintana, Joanmari Larrarte, Joxan Lizarribar, Patxi Noblia, Joxemari Sors eta Pello Zabala. Pasa den urrian, baina, Dorronsorok postua utzi zuen, arazo pertsonalak medio. Ordutik, zortzi lagun aritu dira Administrazio Kontseilua kudeatzeko lanetan.

Proiektuaren sorreran ezarritako helburuak betetzeko, Administrazio Kontseilua osatzeko falta ziren hiru pertsonak izendatu ziren atzoko batzarrean. Rebeca Arraras izan zen horietako bat. Kontseiluko lehendabiziko kide nafarra izango da eta Dorronsorok utzitako hutsunea beteko du. Gotzon Hermosilla eta Elene Barandiaran dira, berriz, enpresako langileek Administrazio Kontseiluan izango dituzten ordezkariak.

Aho batez

Batzarrak aho batez onartu zuen hiruren izendapena. Arrarasek gogotsu hartu zuen postu berria: «Orain arte Berriak egindako lanaren balorazio positiboa egiten dut. Nik, berriz, gogor ekingo diot lanari hemendik aurrera». Hasieratik eman dio, ordea, proiektuari sostengua: «Lehen egunetik babestu dut Berria. Orain proiektuan lan egiteko aukera dut». Poliki-poliki hasiko ei da lanean, «ahalik eta hobekien lan egiteko ondoren».

Barandiaranek eta Hermosillak ere gogotsu ekingo diote lanari. Irailetik ari dira biak Administrazio Kontseiluan lanean. Hermosillak adierazi zuenez, «lan handia» egin da azken urtean. «Kolpe gogorra izan zen Egunkaria-ren itxiera, baina ahalik eta hobekien erantzuten saitu gara. Kaleratu dugun produktua kalitatezkoa delakoan gaude». Hemendik aurrera atzoko batzarrean aipatutako gaiak lantzen arituko direla azaldu zuten biek, hots, Berriaren sendotzean eta zabalkundean, besteak beste. Barandiaranek nabarmendu zuenez, «langileak ahalik eta hobekien ordezkatzen» saituko da datozen urteetan.

-

Kontseiluko kide berriak



 

Rebeca Arraras





Adina: 36 urte.

Bizilekua: Iruñea (Nafarroa).Bai Euskarari Akordioaren Jarraipen Batzordeko kidea da.Nafarroako Emakume Enpresaburuen eta Zuzendarien Elkarteko zuzendariordea da. Diseinu eta komunikazio enpresa baten jabea da orain dela 11 urtetik. Nafarroako Emakume Kontseiluko kidea ere bada.

Elene Barandiaran





Adina: 29 urte.

Bizilekua: Irun (Gipuzkoa).Biologia ikasi zuen. Ikasketak amaitutakoan, ingurumen kontsultorio batean lanean aritu zen eta hainbat enpresarentzat ingurumen egin ditu azterketak.

Gotzon Hermosilla





Adina: 38 urte.

Bizilekua: Barakaldo (Bizkaia). AEK-ko prentsa arduraduna izan zen 10 urtez. Euskaldunon Egunkaria-k Bizkaian zuen delegazioko burua izan zen.

Akziodun batzarreko eskaera txalotuena





EKT Euskarazko Komunikazio Taldearen akziodunen lehendabiziko ohiko batzarra zen atzo. Akziodun batzar batean parte hartzen zuen lehen aldia zen atzokoa askorentzat, eta txalo jotzeko beldurrik gabe agertu zen jendea. Galde-eskeen txanda heldu zenean entzun zen zaratatsuena, akziodun batek hitza hartu zuenean, eskera zehatz bat egiteko: «Biharko Berrian, lehendabiziko orrian, akziodunen batzarrak Iñaki Uria askatzeko eskatzen duela agertzea nahi nuke. Lotsagarria da euskararen alde borroka beste ezer egin ez duen pertsona bat kartzelan egotea. Mila esker». Eskaerarekin bat egin zuen batzarrak, txalo zaparrada batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.