Edateko uraren eta hondakinen alorrean aurrekontuak emendatzea proposatzen dute. Kontseilu Nagusiak hamar urterako plangintzak bultzatu nahi ditu. Sail bakoitzean 100 milioi euroko aurrekontua osatu nahi du Kontseilu Nagusiak.
Edateko ura
Eskari handienean ere ura bermatzea da xedea
Iazko idorteak larrialdiko argi gorriak piztu zituen. Lapurdiko kostalde osoak egoera kritikoa pairatu zuen, eta baliabideen bildumak emaitza defizitarioak islatzen ditu. Donibane Lohizune eskualdean ere egoera kritikoa izan zen. Defizitarioa izan zen Errobiko ibar osoa. Hazparne eta Ezpeleta izan ziren ur soberakina ukan zuten Lapurdiko eskualde bakarrak. Barnealdean egoera hobea izan zen. Baigorri, Donibane Garazi eta Zuberoako Basaburua eskualdeak ur soberakina zuten, baina gainerateko eskualdeetan egoera kritikoa izan zen.
«Kostaldea gune turistiko garrantzitsua da, eta jenderik gehien biltzen duen uneetan ere jendeari ura bermatu behar diogu. Horretarako, plangintza osatu behar dugu, behar diren baliabideak eraikiz», azaldu zuen herenegun Jean Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakariak Baionan. Gaur egun baliabideak Errobi ibaia ustiatzera mugatzen dira nagusiki. «Egitasmo honen xedea baliabideak biderkatzea da», azaldu zuen Lasserrek. Biarnoko Artix herritik Lapurdiraino hedatzen den geruza freatikoa ustiatzeko xedea ikertzearen alde bozkatuko du Kontseilu Nagusiak. Bestalde, Landetako baliabideak sarean ezartzea aztertuko dute. Biharko kontseiluan xedeak eztabaidatuko dira eta erabakiak bi asteren buruan hartuko.
Ur horniketa bermatzeko, inbertsio handiak egin beharko dira. Estatuak departamenduaren gain utzi ditu hainbat eskumen dezentralizazio legearen ondorioz. «Hala ere, hamar urteren buruan 100 milioiko inbertsioa egin behar dugunez, Departamenduko Funtsa sortzeko xedea bozkatu beharko dugu», erran zuen Lasserrek. Herrien arteko elkartasunean oinarritu behar dela azaldu zuen. Hala, urtero 10 milioi euro bildu nahi dira departamenduan. Herri bakoitzak bere ekarpena egin beharko du. Hala ere, xedea plantan eman aitzin, Frantziako Gobernuak Uraren Legea onartu beharko du. «Ordurako dena prest ukan nahi dugu», azpimarratu zuen Lasserrek. Ondoren finkatuko da metro kubiko bakoitzeko herriek ordaindu beharko duten prezioa.
Hondakinak
Egitura berriak sortzea eta horien kokapena dira koska
Iparraldeko herri elkargo gehienak biltzen dituen Bil ta Garbi sindikatuak hondakinen tratamendurako norabide estrategikoak finkatu behar ditu abendua heldu orduko. Hondakinen bilketa herrien esku badago ere, garraioa, metaketa eta ondorengo tratamendua Bil ta Garbiren ardurapean dago engoitik.
Departamenduan 600.000 tona hondakin bildu ziren iaz. Urtean biztanle bakar batek 119 kilo hondakin eramaten ditu hondakindegietara. 21 hondakindegi daude Ipar Euskal Herrian, eta bertze hiru bederen egin behar dira, bi Garbiki sindikatuaren eremuan eta bertzea Zuberoan.«2010erako, hondakinen tratamendurako baliabideak plantan emateko 100 milioi euroren inbertsioak egin behar dira, ahalik eta lasterren. Hautetsiek ekipamendu horien kokagunea onartu beharko dute, guzien onura baitago jokoan», azaldu zuen Lasserrek.Udarako plangintzaren ardatz nagusiak finkatu beharko ditu Bil ta Garbik. Hondakinen tratamendurako zentroak eraikitzeaz gain, errauste planta bat eraiki ala ez dago eztabaidaren muinean. Horien onarpenari dagozkio Lasserren aipamenak.Errauste plantari buruzko erabakia hartu gabe badago ere, dagoeneko 100 milioi euroko inbertsioa aitzinikusten du Kontseilu Nagusiak. Kostu osoa, ordea, ez da Kontseilu Nagusiaren gain geldituko, eta obragintzak parte bat hartuko du beregain.Hondarribian egin nahi duten errauste planta ere aipatu zuen Lasserrek. «Gure hondakinak bertan erretzeko eskaintza egiten badigute dagoeneko interesatuak gaudela erantzunen diegu». Aterabideak zabal ikertuko dituztela gaineratu zuen. «Gipuzkoaz gain, Larrun inguruan koka daitezkeen bertze xede batzuk ere ikertu nahi ditugu», azaldu zuen, eta Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan daudela azpimarratu.
Saneamendua
Europako arauak bete behar dituzte 2006rako
Europako legea 2006ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean. Ordurako herriko saneamendura loturik ez dauden etxeek kutsadurarik eragiten ez dutela frogatu beharko dute. Orain artean departamenduaren esku zegoen horren kontrola egitea. Engoitik herrien ardura izanen da eta laur urtez behin hustu beharko dituzte hobi septikoak.
Eginkizun horri ihardesteko, herriak eta herri arteak sindikatuetan antolatzen ari dira. Saneamendua arauetan ezartzeko, diru laguntzak izanen dira. Etxe bakar bat Europako arauetara egokitzeko 9.000 euro inguru behar dira. Orain artean Uraren Agentziaren eta kontseilu nagusien laguntzek kostuaren %70 itzultzen zuten. Engoitik %50era apaldu dira laguntza horiek, eta 2006ko urtarrilaren 1etik goiti, Herriko Etxeek isunak ezartzeko eskumena ukanen dute. Izan ere, legea bete ezean, auzapezaren erantzukizuna izanen da.Herriko Etxeek informazioa helarazi dute etxeetara, gehienetan herriko aldizkarien bidez. Martxotik hobi septikoen kontrolari ekin diote. Herri saneamendura loturik ez dauden etxeen %90 inguruk ez dituzte Europako arau berriak betetzen. Sindikatuetako teknikariek egoeraren diagnosia egiten dute, kalteak eragiten dituzten ala ez zehazteko. Txosten horren arabera banatzen dira diru laguntzak ondoren.
Eremu babestuak
Baliabideak artatu eta eremua zabaldu
Departamenduan 1,7 milioi euro baliatuko dituzte urtero eremu babestuak indartzeko. Horretan TDENS izeneko zerga baliatuko dute. Naturgune babestuak hedatzeko lur sailak erosteko duten lehentasuna baliatuko dute. Lapurdiko Abadia eremua kokatzen da sail horretan. Horretaz gain, diruaren parte bat mendiko bideak zaintzeko erabiliko da, bertzeak bertze, GR10 eta GR8 bideak.