Kontseilua: «Euskal Herriko hizkuntza politikek errotiko aldaketa izan behar dute»

Iaz egoerak okerrera egin duela azpimarratu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Iruñean

Nafarroan euskaraz bizitzearen aldeko manifestazio bat. LANDER FDEZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Ez dira eraginkorrak, eta aldatu behar dira. Horixe azpimarratu du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok, Iruñean, Euskal Herriko hizkuntza politikei buruz. Politika horien inguruan urtekaria plazaratu du Kontseiluak, bigarrenez, 2011. urteko jarduera aztertuta. Jasotako emaitzak ez dira onak: «Okerrera egin dute hizkuntza politikek, aurrera egin beharrean, atzera egin baitute. Errotiko aldaketa behar dute», azpimarratu du Bilbaok.

Hilabetez hilabete hizkuntza politikari buruzko berriak eta gertakariak aztertu dituzte Kontseiluko kideek urtekaria osatzeko eta euskararen normalizazio prozesua zertan den ezagutzeko. Eta 2011ko datuei so eginda, prozesuaren egoera ez da ona, Kontseiluak nabarmendu duenez. EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko egoera aztertu du erakunde horrek, administrazio bakoitzak martxan jarritako hizkuntza politikei so eginez. Eta hiruretan atzerapausoak gertatu direla erran du Bilbaok.

Eremu estrategikoetan atzera

EAEn, atzerapauso horiek estrategikoak diren eremuetan gertatu dira, Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan. Hezkuntzarena da horietako bat: «Administrazioak muzin egin dio DBH bukatutakoan ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak menperatzea ahalbidetuko lukeen ikasteredu berria ezartzeari, eta eutsi dio ikasle guztiak euskalduntzen ez dituen ikastereduen sistema zaharkituari», erran du. Esparru sozioekonomikoan ere zer salatu bada, Bilbaoren erranetan. Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen Dekretua aldatzeko onartutako proposamena aipatu du zehazki, aldaketa horren bidez euskal hiztunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten enpresak zigortzeko bidea kendu baita. Administrazio publikoko hezkuntzaren eta osasunaren arloko lan deialdiak ere aipatu ditu Bilbaok, euskara behar bezala kontuan ez hartzeagatik.

Nafarroari dagokionez, aurrekontuetan gertaturiko murrizketak salatu ditu, batez ere, Bilbaok. «Euskararen eta euskalgintzaren kontrako bere estrategia orokor eta planifikatua sakondu du Nafarroako Gobernuak», azpimarratu du. Euskararen Legeak 25. urteurrena bete du 2011. urtean, eta lege horrek Nafarroa hiru eremutan zatitzen duela gogorarazi du Bilbaok. Egoera hori aldatzeko proposamenak izan diren arren legeari bere horretan eutsi zaiola erran du.

Iparraldean, berriz, Euskararen Erakunde Publikoak hitz politak bertzerik ez dituela eskaini erran du Kontseiluko idazkari nagusiak. «Asmo ederrak eta paper gaineko plangintzak baino ez». Murrizketak gertatu direla eta euskararen aitortza ofizialerako urratsik ez dela egin gaineratu du.

Urratsak herritarrek egin dituztela nabarmendu du Bilbaok. Krisiari aurre eginez, euskalgintzak egindako ekarpena inoiz baino garrantzitsugoa dela erran du, argi eta garbi, eta bide hori sendotzeko beharra azpimarratu du, «administraziotik ez baita deus etorriko». Ondorioz, oraingoa lehentasunak ezartzeko garaia dela argi du Bilbaok, eta horri buruzko hausnarketa behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.