2011ko urtekaria aurkeztu du gaur Kontseiluak, azkenaldiko gauza bera esateko: "Hizkuntz politikan administrazioek atzerapausoak eman dituzte hainbat arlotan. Hizkuntz politikek erroko aldaketa behar dute. Izan ere, azken hamarkadotan garatu diren politikek ez dute euskararen normalizazioa ekarriko".
Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Iñaki Lasa arlo politiko-instituzionaleko arduradunek Iruñean emandako prentsaurrekoan azaldu dute EAEn "kezkatzekoak" diren hainbat erabaki hartu zituela iaz Eusko Jaurlaritzak, eta "zenbait arlotan atzerapausoa eman da: Kontsumitzaileen Dekretuarekin abiatutako bidean, lan deialdietan...".
Nafarroako Gobernuak lehengo hizkuntz politikarekin jarraitu duela salatu du Kontseiluak, eta, gainera, "gogortu" egin duela. "Hori bereziki aurrekontuen banaketan ikusi ahal izan da; euskalgintza itotzea du helburu".
Ipar Euskal Herrian Euskararen Erakunde Publikoa agortuta dagoela adierazi du, eta 2011n ere murrizketak izan zirela.
"Hala ere, azpimarratu behar dugu urtekariak alde gozoa ere baduela. Hor kokatu behar dugu euskalgintzatik urtean zehar garatu ziren proiektuak eta jardunak. Haizeak aldekoak izan ez badira ere, 2011n euskalgintzak ekarpen oparoa egin zion hizkuntzaren normalizazio prozesuari, eta beste urte batez erakutsi zuen herrigintzaren zutabea sendoa dela", esan du Bilbaok.