Pasa den larunbatean Iruñeak Kontseiluak deituta egin zen manifestazioak eta azken asteetan euskararen alde egin diren ekimenen balorazio baikorra egin du Kontseiluak, eta Nafarroako Gobernuari esktu dio herritarrek egindako eskaera horri bidea emateko. Bide eman euskarari izan zen manifestazioaren leloa, eta milaka lagun bildu zituen. “Euskaraz bizitzeko nahiak mugiarazi ditu herritarrak”, esan du Paul Bilbaok, idazkari nagusiak. “Eta indar hori, energia hori baliatu behar da orain gainerakoak mugitzeko. Azalerazi den herri gogo honi erantzuna eman behar zaio, berandu baino lehen”.
Uxue Barkos presidenteak manifestazioaren harira esandakoak ere ongi baloratu ditu Kontseiluak; beharrezkoa zela, ongi dagoela euskararekiko asmoa kalean erakustea, eta eskertuta dagoela. “Bada, guk ere ongi baloratzen ditugu presidentearen hitzak eta orain ekintzetara pasatzeko gonbita egin nahi diogu. Badaki, egin behar duena egin baldin badu, bere alboan izango gaituela, larunbatean esan genuen moduan”, gaineratu du Bilbaok. Zehazki Euskararen legearen dekretuak lehenbailehen bertan behera uzteko eskatu du, eta plangintzari dagokionez, lan horretan hasi dela aitorturik, bidea elkarrekin egiteko eskua luzatu dio.
“Baliabideen arloari dagokionez, iazko aurrekontuak aztertu genituenean, esan genuen aurrerapausoren bat eman bazen ere, oraindik ez direla nahikoak. Bada, badakigu garai honetan hasten direla administrazioetan hurrengo urteari dagozkion aurrekontuak prestatzen eta zutabe hori indar dezan dei egin nahi diogu Nafarroako Gobernuari”.Nafarroan hizkuntza-politika garatzeko proposamen osoa prest du Kontseiluak. “Iaz, hauteskundeen eta Anaitasunan egin genuen ekitaldiaren aurretik bilera erronda egin genuen alderdiekin. Aldaketaren bueltan zenbiltzan alderdiek harrera ona egin zioten proposamenari eta orain, hori indarrean jartzea dagokiela uste dugu”.