Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hamar urte bete ditu eta, data gogoangarri hori oroitzeko, ospakizuna egingo du Bilbon gaur, Euskalduna Jauregian. Kontseiluak sorreratik gaur egun arte egin duen ibilbidea gogoratu eta Euskaraz bai adierazpena aurkeztuko du. Ospakizun ekitaldia 19:00etan hasiko da.
Abiatzeko Kontseiluak 10 urte ikus-entzunezko emanaldia eskainiko dute. Hamarkada baten egindako urratsak agertu eta Kontseiluak bere ibilbidean bidelagun izan dituen hainbat pertsonaren iritziak jasoko dituzte. Euskararen aldeko erakundea 1997ko abenduan sortu zen eta 46 erakundek osatzen dute gaur egun. Bitartean, euskararen normalizazioa bultzatzeko hainbat ekintza sustatu ditu.
Aldi berri bat
Bai euskarari aldarriaren ordez Euskaraz bai adierazpena sortu dutela iragarri du Kontseiluak. Euskara babesteko aldekotasunetik haratago euskara ikasi eta erabili egin behar dela dio erakundeak eta horretarako proposatu dute lelo berria. Xabier Mendiguren idazkari nagusiak batetik besterako igarobidea egiteko deia egingo dio gizarteari.
Arrazoizko eboluzioa da Kontseiluaren esanetan, eta era berean, ziklo berri baten hasiera. Euskararen aldeko konpromiso maila handiagoa izan behar du garai berriak euren hitzetan, "orain arteko egitasmo eta tresna juridiko eta administratiboek ez diotelako euskarari etorkizuna ziurtatu". Azaldu dutenez, "gaur arteko erritmoekin ez da helbururik lortuko". Euskaraz bai adierazpenean euskararen egungo egoeraren isla egingo dute.
Euskara
Kontseiluak 10. urteurrena ospatuko du gaur Bilbon
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, Euskalduna Jauregian. 'Euskaraz bai' adierazpena aurkeztuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu