Kontseiluaren ustez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak plazaratutako hizkuntz ereduen proposamenak "euskararen normalizazioan oinarri on bat jar lezake", baina irakastereduen erreforma "eraginkorra" izan dadin, hainbat zehaztapen egin ditu gaur, urteko batzarrean. Aho batez onartu dituzte bazkideek eskakizunak; haien artean, EAEko irakastereduen erreformari buruzko adierazpena. Andoainen (Gipuzkoa) egin dute batzarra, Martin Ugalde Kultur Parkean.
Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren proposamenaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe bakoitzak hautatuko luke hizkuntz eredua, baina ikasleek azkenerako, gazteleraz ez ezik, euskara ondo dominatu beharko dute. Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik "funtsezkoa" da belaunaldi berriak "erabat euskalduntzea", Kontseiluak esan duenez eta "zeregin horretan Hezkuntza Sistemak berebiziko ahalegina egin behar du euskararentzat guztiz lorgarria den B2 europar helburua ikasle guztiek berengana dezaten eta ahalegin hori, Euskal Herriko geografia zatitzen duten gune administratibo guztietan egin behar da, gainera".
Horretaz gain, Hezkuntza Sistemak aurrera eraman behar duen euskalduntzea "gorabehera politikoetatik babesteko corpus juridiko zehatza" eraiki behar dela dio Kontseiluak, "gaur egungoa aldatuz".
Beste hainbat eskakizun ere egin ditu: "Unibertsitatea eta Lanbide Heziketaren eskaintza osorik euskaldundu behar da epe labur eta zehatz baten barruan", "10 urteko gehienezko epean ikasle den-denek erreformaren barruan egon behar dute", "Hezkuntza Sistemak kontratatuko dituen profesional oro, irakasle izan zein ez, euskalduna izango da", "ikastetxeek laguntza eraginkorrak jasoko dituzte", "urteroko ebaluazio zorrotzen bitartez ezagutuko da erreformaren bilakaera"...
Kontseiluak instituzioei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei "indarrak batzera eta euskararen normalizazioa ekarriko duten neurri ausartak elkarrekin bultzatzeko" eskatu die, "inora ez garamatzan saihesbide faltsuak saihesteko". Orain arteko bidetik aurrera egingo du Kontseiluak, Xabier Mendiguren idazkari nagusiak esan duenez, "euskararen normalizazioan ere aurrera egiteko”.
euskara
Kontseiluak dio "berebiziko ahalegina" egin behar dela ikasleak "erabat euskalduntzeko"
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak plazaratutako hizkuntz ereduen proposamenak "euskararen normalizazioan oinarri on bat" jar lezakeela uste du, baina hainbat zehaztapen egin dizkio, erreforma "eraginkorra" izan dadin. Kontseluak urteko batzar nagusia egin du gaur, Andoainen, eta aho batez onartu dute irakastereduen aldaketari buruzko adierazpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu