Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Kontseiluak datozen hamar urteetarako hizkuntz politikak jaso beharko lukeen edukiaren inguruko proposamena helarazi die alderdi eta koalizioei, eta jendaurrean gaur eman du horren berri, Bilbon, hedabideen aurrean. Funtsean, esan die "euskararen normalizazio prozesuan eman beharreko erroko aldaketa egiteko une ezin aproposagoa" dela egungoa.
Kontseiluak uste du gaurko politikek ez dutela "epe onargarri batean euskara normalizatzeko inolako aukerarik. Beraz, behar-beharrezkoa da pauso sendoak ematea". Horretarako, ordea, "ausardiaz" jokatzeko eskatu die, "hizkuntz politika eragingarria egin dezaten, berandu baino lehen".
Besteak beste, "lehen urratsa, euskarari estatus egokia" ezartzea dela dio euskara erakundeak. "Lehentasunezko izendatu behar da, normalizazio prozesuaren zehar hartu beharreko neurriek oinarri legala izan dezaten". "Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa" da beste haren eskakizun bat. "Hori horrela egin ezean ezinezkoa izango da euskararen garapen funtzionala".
Alderantzizko jokabidea hartu du oraingoan Kontseiluak. Beste hauteskundeetan alderdien egitarauak aztertzen zituen, ondoren programen balorazioa egiteko. Oraingoan "aurrea hartu" du: egitarauak prestatzen ari zirela egin die proposamena alderdiei.