Kontseiluak euskararen aldeko neurri zehatzak eskatu dizkie hautetsiei

Bigarren itzulira begira, hitz lausoak baztertzeko eta egiazko plangintzak osatzeko eskaria egin die

Aitor Renteria.
2008ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntza politiken inguruko zehaztasunak eskatu dizkie hautagaiei, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herri eta kantonamenduetarako hauteskundeen bigarren itzuliari begira. Lehen itzulia burutu aitzin, alderdi eta talde ezberdinek osatutako programak aztertu zituen Kontseiluak eta gehienek «programa lausoak eta zehaztasunik gabekoak» aurkeztu zituztela azpimarratu zuen Kontseiluak.

«Euskal Herritarrek badute eskubidea jakiteko, zehatz-mehatz, hautagaiek nola garatu nahi duten hizkuntza politika». Kontseiluak nabarmendu du programetan hautagai batzuek euskararen aldeko jarrera hartzen badute ere, abian ezarri nahi duten politika aipatzerakoan aditz lausoak baliatzen dituztela. Euskara sustatu, garatu, bultzatu eginen dutela diote, baina neurri zehatzak zein izanen diren nabarmendu gabe eta eperik zein helbururik finkatu gabe.

Proposamen lausoak neurri zehatzetan argitzeko eskaria egin du Kontseiluak, hautesleek boza eman aitzin jakin dezaten zein den euskararen aldeko proposamen zehatza .



DELIBEROAEREDUGARRI.Herriko Etxeetan herritarren hizkuntza-eskubideak arauz bermatzeko xedez, Kontseiluak Deliberoa izeneko proposamena aurkeztu zuen urtarrilean. Orduan adierazi zuen euskararen aldeko neurriak hartzea garrantzitsua baldin bazen, premiazkoa dela neurrien gauzapena ahalbideratuko duen tresna juridikoa onartzea. Deliberoaren bitartez, hautetsiek euskarari dagokion maila juridikoa berma diezaioketela jakinarazi zuen Kontseiluak . Kontseiluak Deliberoak igorri zizkien alderdi politikoei.

Lehen itzulian, kantonamenduetako hauteskundeetara aurkeztu ziren 40 egitarau eta aitortitza aztertu zituen Kontseiluak. Bakar batek baino ez zuen erabili elebitasun osoa eta batzuk frantsesera hutsez argitaratu zituzten. Egitarau batzuetako euskarazko hitz bakara izenburua zen.

Herri handienetako egitarau eta aitor hitzak ere aztertu zituen Kontseiluak. Proposamenetan euskara kulturarekin nahasteko joera handia ageri zela nabarmendu zuen Ksontseiluak. Geroari begira proposaturiko neurrien artean desoreka handia zegoela jakinarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.