Lan eremuko eragile guztiekin bilera sorta bat hasiko du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, sektore horren euskalduntzea bizkortu ahal izateko. «Azken 20 urteetako erritmoarekin jarraituz gero, epe ertainean ez dugu ikusten urrats kualitatiborik egingo denik», azaldu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Eztabaida prozesua dagoeneko martxan dagoela jakinarazi du Bilbaok, eta ondorioak epe laburrean lortu nahi dituztela gaineratu.
Lan eremuaren euskalduntze prozesuaren egoeraz ohartuta, hausnarketa egin zuten Kontseiluaren barruan dauden aholkulariek. Ondorioztatu zuten euskalgintzak eztabaida prozesu bat martxan jartzeko ardura hartu behar zuela, baina, horrez gain, akordio zabalak ere erdietsi behar dituztela. «Hizkuntza berreskuratuko bada, guztien parte hartzearekin berreskuratuko da: enpresariak, sindikatuak, kontsumitzaileak...».
Prozesu horretan zenbait puntu landu nahi ditu Kontseiluak. Alde batetik, espazioen euskalduntzeak hizkuntza berreskuratzeko duen garrantziaz ohartarazi nahi ditu lan eremuko eragileak. Hizkuntza politikek bete beharko luketen funtzioei buruz ere eztabaidatzeko asmoa du Kontseiluak, eta, azkenik, bakoitzak hartuko dituen konpromisoei buruz. Hain zuzen ere, konpromisoekin batera, horiek lortzeko emango diren laguntzak eta bitartekoak ere zehaztu nahi ditu Kontseiluak. «Erabaki kualitatiboak eta ausartak definitu behar ditugu, eta sektoreko eragile guztiak jarri behar ditugu dantzan».
Lan eremua euskalduntzeari buruz sustatu nahi duten eztabaidaren helburua da, besteak beste, egungo «desorekak» zuzentzea. Hain zuzen ere, hezkuntza euskalduntzeko ahaleginak ez baitu jarraipenik lan arloan. Hau da, pertsona euskaldunak hezi arren, horietako askok beharrean euskara erabiltzeko zailtasunak dituzte.
Bestetik, gizarteak lan eremua euskalduntzeari ematen dion garrantziari buruzko datu batzuk eman zituen Bilbaok. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar biztanletik zortzik saltokietan euskara zein gaztelera erabili ahal izateko eskubidea aldarrikatzen dute, eta herritarren %85ek uste dute euskara jakiteak aukera gehiago ematen dituela. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak jaso ditu datu horiek.
Gometeguiren adibidea
Euskarak enpresei eman diezaiekeen balio berezi hori islatzeko, Laudioko (Araba) Gometegui enpresara bisita egin zuten Kontseiluko kideek. 2008. urtean euskara plana ezarri zuen, eta ordutik lan eremua euskalduntzeko pauso sendoak eman ditu lantegi horrek. Lantegian bertan erakutsi zituzten hartutako erabakiak. Artez Euskara Zerbitzuak enpresaren babesarekin ekin zion lanari, eta, diagnostikoa egin ostean, 2009. urtean hasi ziren erabakiak hartzen. «Errazena egin genuen hasteko; tailer guztia gaztelera hutsean zegoen, eta errotulazio guztia elebitan jarri genuen», gogorarazi du Maria Traspadernek, Euskara Planaren arduradunetako batek.
Euskara zein gaztelerazko errotulazioa jartzeaz gain, maila ezberdinetako hiru langile talderekin hasi ziren euskarazko eskolak ematen. Gaur egun badaude euskaraz lan egin dezaketen kideak, eta beste batzuek hori lortzeko lanean jarraitzen dute. Halaber, laneko hiztegia egin dute industria arloko terminoekin eta hiztegi teknikoarekin, eta motibazio ekintzak ere egiten dituzte euskararen erabilera sustatzeko.
Kontseiluak eztabaida abiarazi du lan eremuaren euskalduntzea sustatzeko
Sektoreko eragile guztiekin bilera sorta egingo du, erabaki «kualitatibo eta ausartak» adosteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu