Kontseiluak haur heziketari eta euskarari buruzko ekarpenak jasoko ditu

Paul Bilbao eta Arantxa Urbe, atzoko agerraldian. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Haur hezkuntzaren garrantzia euskararen jabekuntzan eta garapenean izeneko jardunaldia antolatu dute Kontseiluak eta Hik Hasik. Abenduaren 16an egingo dute jardunaldia, Donostiako Miramar jauregian. Aurtengoarekin, seigarren urtez antolatuko ditu Kontseiluak hezkuntzari buruzko jardunaldiak, eta 0-6 urte bitarteko umeen heziketan ekarpenak egin nahi ditu erakundeak.

Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok eta Hik Hasiko ordezkari Arantxa Urbek aurkeztu zuten topaketa, atzo. Urbek eman zuen jardunaldiaren edukien berri; Mondragon Unibertsitateko Karmele Perezen hitzaldiarekin emango diote hasiera —Arlo emozionalak edo enpatiak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan duen garrantzia du izena—, eta murgiltze sistemaren abantailez jardungo dute Herrialde Katalanetako Vic-eko Unibertsitateko Vanesa Amatek eta Llorenç Comajoanek. Ondoren, ordura arte landutakoaz eztabaidatuko dute Mari Jose Auzmendi eta Paulo Iztueta aholkulariek.

Bilbaoren arabera, Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzeko asmoz Kontseiluak eginiko proposamenaren osagarria da jardunaldia. 16 urterekin, ikasle guztiek euskaraz gutxienez B2 maila egiaztatzeko gai izatean datza proposamen hori. Topaketak, ordea, 0-6 urte bitarteko haurrak izango ditu jomuga, adin tarte horrek «hizkuntzen jabekuntzan garrantzi handia» duela uste baitu Bilbaok. Bestalde, erakunde publikoei erabaki estrategikoak hartzeko eskatu die: «Inoiz baino garrantzitsuagoa da euskalduntasunetik eleaniztasunerako bidea egiten duen eredua abian jartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.