Euskara

Kontseiluak hizkuntza politika berrirako «jauzia» irudikatuko du Kursaalean

Euskalgintzako hainbat eragilerekin batera landutako Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala dokumentua aurkeztuko du Kontseiluak Donostian, ekainaren 19an.

Pilar Lekuona, Joan Mari Larrarte, Paul Bilbao, Leire Elizegi eta Ander Etxeberria, goizeko agerraldian. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 8a
14:12
Entzun

«Hizkuntza politika berrirako bide orria» proposatzeko asmoz, Euskalgintzaren Kontseiluak Hizkuntza-politiketan Eragiteko Adostasun Soziala izeneko dokumentua landu du euskalgintzako hainbat eragilerekin batera, eta ekainaren 19an aurkezpen publikoa egingo du Donostiako Kursaal jauregian. Kontseiluak gaur eman du aurkezpen ekitaldiaren berri, dokumentuarekin bat egin duten zenbait eragiletako ordezkariekin batera, Koldo Mitxelena kulturunean eginiko agerraldian.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak aurkeztu zuen: «Sektore oso desberdinetako eragileekin aurkezten ari gara ekainaren 19ko ekitaldia, askotariko eragileekin egindako lanaren emaitza delako, eta horixe erakutsiko dugulako». Hain zuzen, harekin izan dira gaur Joan Mari Larrarte Elkar taldeko ordezkaria, Leire Elizegi Bizipoza eragileen bilguneko koordinatzailea, Ander Etxeberria Mondragon Taldeko hedapen kooperatiboko arduraduna eta Pilar Lekuona Gipuzkoako Erizainen Elkargoko lehendakaria.

Kursaalean egingo den ekitaldian dokumentuaren aurkezpena, sinatzaileen konpromisoa eta «adostasunetarako jauzia» irudikatuko dira. Ekitaldia irekia izango da, baina, segurtasun neurriak bermatzeko, aurretik izena eman beharko da Kontseiluaren webgunean edo [email protected] helbidera idatziz.

Bost hilabeteko «prozesu aberatsa»

Kontseiluko idazkari nagusiak gogoratu du iazko abenduan Kontseiluak «konpromiso zehatza» hartu zuela eragile politiko, sozial eta sindikalen aurrean: «Hizkuntza politiketan adostasun sozial eta politikoak eraikitzeko eta konpromisoak hartzeko ordua heldu zela esan genuen, eta, horri begira, eragile anitzekin prozesua zabalduko genuela aurreratu genuen». Bada, bost hilabetez «buru-belarri» jardun ostean, lorturiko emaitzarekin eta izandako harrerarekin «pozik» daudela jakinarazi du Bilbaok.

Hizkuntza-politiketan Eragiteko Adostasun Soziala osatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak hamarnaka mintegi eta bilera antolatu ditu eragileekin, eta dokumentuak orotara ehundik gora ekarpen jaso ditu. Bilbaok azpimarratu du ekarpenak «eremu oso desberdinetako eragileen aldetik» heldu direla, baita Euskal Herri osoan jaso dituztela ere: «Ainhize-Monjolosetik Tuterara iritsi da proiektua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.