Urteko balantzea egin du gaur Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, eta aurrera begirako ildoak aurkeztu ditu, Bilbon egindako ekitaldi batean. Hizkuntza politikarako proposamenen urtea izan da 2018a, haien ustez. Eremu horretan lan egiteko, bi irizpide zehaztu dituzte: batetik, zeharkakotasunez egin behar dela hizkuntza politika, administrazio osoaren bidez, eta ez euskara sailetik bakarrik; bestetik, oinarritzat hartu behar dela hizkuntza eskubideak bermatzea.
Mahai gainean dauden lege egitasmoei erreparatu diete. Eusko Legebiltzarrean, lehentasunen artean jarri dute hezkuntza lege berria; Eusko Jaurlaritzari proposamen bat igorria dio Kontseiluak. Nabarmendu du euskalgintzaren eta hezkuntzako eragileen artean adostasun handia dagoela euskalduntzea bermatuko duen eredu bat abian jartzeko: «Aukera errealak daude hezkuntzaren esparruan beharrezko jauzia egiteko, eta akordio bidezko estrategia lagungarria dela uste dugu».
Nafarroako Parlamentuan ere bada gai pisuzko bat: Euskararen Legea aldatzeko batzordea. Hari ere egina dio proposamena Kontseiluak: hizkuntza eskubideak bermatzea jarri du oinarritzat.
Eskubideekin lotutakoa izan da, hain justu ere, Kontseiluaren aurtengo proposamen nagusia: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren garapen bat prestatu du Euskal Herrirako, dozenaka eragilerekin bat eginda. «Hizkuntza politikak birpentsatzeko» agiria da, Paul Bilbao idazkari nagusiaren arabera. Horretarako, ordea, eragileen eta erakundeen arteko lankidetza behar dela ohartarazi du: «Bada garaia instituzioen eta euskalgintzako eragileen arteko konplizitatez eraikiko den eta hizkuntza eskubideen bermea ardatz izango duen hizkuntza politika abian jartzeko».
Bilbaok adierazi du Euskaraldiaren jiran sortutako mugimendua baliatu behar dela horretarako, «harreman eredu berriak» sortzeko. Eta beste urrats bat egiteko ere nabari du aukera: «Euskaraldiarekin hanka soziala sendotzeko erakutsitako sinergiak hanka politikora eraman behar ditugu».