Kalera ateratzeko deia egin du Kontseiluak, euskararen ofizialtasunaren alde. Urriaren 27an eginen dute, Iruñean, Behingoz lelopean. Izan ere, erakundeak aukera ikusten du "Nafarroako euskaldun guztiak, bereizkeriarik gabe, berdin hartuko dituen egoera berri bat sortzeko", Nafarroako Parlamentuan euskararen lege berri bat idazteko batzordea eratu dela baliatuta.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok gogorarazi du parlamentuko Euskara Batzordetik ateratzekoa den lege berri horrek hiru irizpide bete beharko dituela: "Nafarren hizkuntza eskubideak bermatzea, egungo zonifkazioa gainditzea, eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea".
Nafarroan gaur egun indarrean den foru legeak, eskubideak bermatu bainoago, "mugatu" egiten dituela nabarmendu du Bilbaok: "Euskaraz bizitzeko eskubidea soilik eremu euskalduneko herritarrei aitortzen zaie; gainerakoei, ez. Orain ikusten dugu aukera euskaldunontzat egokia izanen den egoera bermatzeko. Lege berriak, hizkuntza eskubideak aitortuko dituena, egin behar da. Lor daitekeen zerbait dela uste dugu, eta, aukera hau pasatzen uzten badugu, eragina epe luzekoa izango dela uste dugu", azpimarratu du Kontseiluko buruak. "Bada garaia urteetan eginiko kaltea konpontzeko".
Alderdi politikoei ere dei zehatza egin die Bilbaok: "Neurri batean, haien esku dago aldaketa. Euskaraz bizi nahi duten herritarrei erantzun egokia eman behar diete. Erantzukizunez jardutea dagokie, haien ardura baita. Eskatzen diegu 2011n izandako jarrerari euts diezaiotela. Oposizioan zeudenean erakusten zuten irmotasuna izan dezatela, benetako aldaketa lortze aldera".