Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako eta EAEko 2009rako aurrekontu proposamenen inguruko gogoeta egin du publiko, eta kritikatu egin ditu, "euskalgintzari eskaintzen zaion laguntza askiezina delako". Kontseiluaren arabera, aurrekontuak euskararen normalizazioaren konpromisoa indartzeko "tresna garrantzitsuak" dira eta "hizkuntz politikaren adierazle nabarmenak". Horren ildora, euskararen normalizazio prozesua indartzeko erakundeen konpromisoa "behar-beharrezkoa" dela uste du.
Igor Astibia Kontseiluko ildo politiko-instituzionaleko ordezkariaren esanetan, 2009rako EAEko aurrekontuak "aurreko guztien ildo beretik datoz". Era berean, azpimarratu du Kontseiluak alderdiei urtero gomendatzen diela gardentasun handiagoko proposamenak egitea, baina "zoritxarrez" beraien eskaria ez dela aintzat hartzen. Kontseiluaren ustez, "bereziki harrigarria da euskarazko toki telebistak sortu eta garatzeko diru-laguntzak izeneko partida desagertu izana". Izan ere, orain dira tokiko telebista horiek emititzen hastekoak.
Nafarroako aurrekontuen inguruan, Astibiak gogor kritikatu du euskararen normalizazioarekin zerikusi zuzena duten diru sail askok "murrizketa handiak" izatea. Bereziki larritzat jo ditu "helduen euskalduntze eta alfabetatzeari, eta hedabideen aldeko diru-sailari dagokiona".
Dena den, EAEko eta Nafarroako 2009rako aurrekontuen inguruan alderdi baikor batzuk ere nabarmendu nahi izan ditu Astibiak: Mintzalaguna proiektua garatzeko Topaguneak jasotako partida eta Nafarroako Euskara Kultur Elkargoak jasotakoa, hain zuzen.
Kontseiluak iragarri duenez, aurten beste urteetan bezala hainbat zuzenketa proposamen egin dizkiete Akordio Soziopolitikoaren inguruan jarduten duten alderdiei, "egoki ikusten badute, aurkez ditzaten".
Normalizazioa
Kontseiluaren arabera, hurrengo urteko aurrekontuek ez dute nahikoa egiten euskararen normalizazio bidean
EAEko aurrekontuek "aurrekoen ildo bera" jarraitzen dute Kontseiluaren ustez eta, hortaz, euskalgintzari ez diote "behar adina laguntza ematen". Nafarroako aurrekontuei dagokionez, euskararen normalizazioarekin zerikusi zuzena duten diru sail askok izan duten murrizketa gogor salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu