Kontsulta «oinarri demokratiko» bat dela argudiatu du Jaurlaritzak

Helegiteen aurkako alegazioetan dio argudio juridikoak barik politikoak erabili dituela Gobernuak

jokin sagarzazu
2008ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Hizkuntzalaritzaren eta zuzenbidearen artean harremana oso estua da. Kontsulta, erreferenduma edo kontsulta bidezko erreferenduma. Hiru ideia juridiko, hiru esanahi baldin eta nork aztertzen dituen eta nondik begiratzen dituzten berdinak, antzekoak edo guztiz kontrajarriak izan daitezkeenak.

Eusko Legebiltzarrak ekainaren 27an onartutako kontsulta legearen kontra Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegiteari erantzun diote Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek, Konstituzionalean atzo aurkeztu zituzten alegazioen bitartez. Bi testu dira, bata Estatuaren abokatuari erantzuten dio eta bestea PPri; oro har testu bakarra dela esan daiteke. Testu horren helburua da kontsulta legearen konstituzionaltasuna frogatzea, «legeak hitzez hitz dioena bortxatzen» duen Espainiako Gobernuaren helegitearen aurrean. Halaber, eskaera egiten dio Auzitegi Konstituzionalari kontsulta legearen etetea irailaren 15a baino lehen altxatzeko. Alegia, legea konstituzioa urratzen ez badu, kontsulta egiteko aukera ematea. Bestela, bertan behera geratuko litzateke Ibarretxerenasmoa, legealdi honetan, bederen. Gainera, eteteak «hauteskunde emaitzen faltsutzea» ekarriko lukeela dio. «Gobernuko alderdiak [hirukoak] haien ekimen politikoa aurrera eramateko duten tresna nagusirik gabe geldituko dira kontsulta eteten bada».

Jaurlaritzaren abokatuek aurkeztutako idazki mardulak hitz gogorrak erabiltzen ditu Estatuaren abokatuaren helegitearen kontra. Legearen esanahia hitzez hitz «bortxatzen» duela, haren kontra egiteko argudioak «asmatutako hipotesietan» oinarritzen direla, «argudio politikoz biziatua» dagoela, «fabulazioz» betea, «eztabaida mediatikoa» sortzea helburu duela... Azken finean, Espainiako Gobernuak legearen inkonstituzionaltasuna frogatzeko erabilitako hiru arrazoibideak goitik behera ukatzen ditu Jaurlaritzak, eta legea Konstituzioan eta Gernikako Estatutuan lekua duela frogatzen saiatzen da; zehazkiago esanda, herri kontsulta bat egiteko egun dauden hutsune legalez baliatzen da; Jaurlaritzaren hitzetan, «oinarrizko printzipio demokratiko» batean oinarritzen da, «demokrazia ordezkatzailea eta parte-hartzailea osatu eta uztartu» egiten dituena. «Kontu publikoetan herritarren parte-hartzea arautzen duen lege organikorik ez egoteak ez dio ukatzen legelari autonomikoari partaidetza hori erregulatuko duen lege arrunt bat egitea. Autonomia Estatutuak ez dio mugarik jartzen herritarren parte-hartzeari». Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoen arabera, demokraziaren «funtsa» da herri kontsulta. Konstituzioaren oinarria, «eratorritako» eskubidea.

Bi galdera, «besterik ez»

Jaurlaritzaren tesia da legean jasotako kontsulta ez dela erreferendum bat, ezta Estatuaren abokatuak bere helegitean zioen «kontsulta bidezko erreferenduma» ere, azken horiek ere lege organikoz arautuak baitaude. Jaurlaritzak dio kontsultaren helburua dela bi galderen inguruan herritarren iritzia jasotzea, eta ez duela jaso nahi «aurretiaz hartutako erabaki» baten inguruko ustea. Alegia, herritarrek ez dute aurretiaz Legebiltzarrean onartutako testu baten inguruan bozkatu behar. Halaber, bi galderak ez daudela «etorkizuneko prozesu baten barnean kokatuak» dio testuak, helburua herritarren iritzia «besterik ez» jasotzea helburu duen galdeketa baita: «kontsulta ez da loteslea». Dena den, iritziak ordezkari politikoen etorkizuneko «ekintzak bideratzeko baliagarriak» izan daitezkeela onartzen du, «agerikoa baita EAEn dagoen elkarbizitza blokeoa».

Horiek hala, Espainiako Gobernuaren eta PPren helegiteetan legearen konstituzionaltasuna «espekulazio politikoetatik»aztertua izan dela salatzen du Jaurlaritzak. Helegiteen arabera, kontsulta legean jasotzen diren galderek, eta batez ere bigarrenak, «Espainiako herriaren subiranotasunaren» aurkako egiten dute. Jaurlaritzaren abokatuen arabera, «asmo txarrez» eginiko interpretazioa da hori. Izan ere, «kontsultaren helburua ez da Konstituzioaren erreforma egitea». Baina izatekotan ere, herritarrei galdetzea bidezkoa izango litzakeela uste du Jaurlaritzak «printzipio demokratiko horrek» erakundeen funtzionamendua bermatzen baitu.

Azkenik, herri kontsulta debekatzea -«oinarrizko printzipio demokratiko» bat debekatzeaz haratago- «Autonomia Erkidegoak debate politikorako» duen ahalmena «lapurtzea» ere badela dio Jaurlaritzak.



Bere irudia iraintzegatik salaketa jarriko du Ibarretxek Madrilen

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak El País egunkariaren kontra kereila bat jarriko duela iragarri zuen atzo Deia egunkariak. Informazio horren arabera, atzo bertan jartzekoa zen salaketa Madrilgo instrukzio epaitegi batean. Ekainaren 10ean eta 11n Espainiako egunkari horrek kontsulta dela-eta ETAk «tregua txiki» bat egingo zuela eta Ibarretxe jakinaren gainean zegoela adierazi zuen. Informazio hori gezurtatu zuen Ibarretxek. Bera eta bere irudia «irainduak» izan direla salatuko du .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.