Estatuko abokatuaren eskaria betez, legebiltzarraren kontsulta legea etenda dauka egun Auzitegi Konstituzionalak. Etete hori altxa dezan eskatzeko alegazioak aurkeztu dituzte EAJ, EA, EB eta Aralarreko ordezkariek, gaur astebete Eusko Jaurlaritzak egin zuen bezala.
Zehazki, Iñigo Urkullu EAJko presidentea, Unai Ziarreta EAkoak, Javier Madrazo EBko koordinatzailea eta Patxi Zabaleta Aralarrekoa izan dira gaur Madrilen, lehendabizi Auzitegi Konstituzionalean, eta ondoren, kazetarien aurrean.
Konstituzionalean galdeketa legearen alde aurkeztu dituzten alegazioak erregistratu dituzte, eta, ondoren kazetarien aurrean azaldu dutenez, kontsulta ez dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren estatusa aldatzeko izango nabarmendu dute. Aitzitik, galdeketaren helburua gatazka konpontzeko herritarren iritzia eskatzea dela, orientazio bat izango dela eta demokrazian sakontzeko balio duela arrazoitu dute.
Aipatutako lau alderdietako buruzagiek gaur Konstituzionalean egin duten eskaera bera egin zioten joanden ostiralean Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari gutun baten bitartez. Urgentziazko bilera eskatu zioten lau alderdiek Zapaterori, baina oraingoz ez die erantzun.
Espainiako Gobernuak, ordea, Auzitegi Konstituzionalari gaur berriro eskatu dio Estatuko Abokaturaen bidez kontsulta legea etenda mantentzeko, gainerakoan "Estatuak kalte konponezinak" jasan ditzakeela iritzita.
Politika
Kontsultak ez duela estatusa aldatuko argudiatu dute EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek alegazioetan
Ekainaren 27an Eusko legebiltzarrak onartu zuen kontsulta legea babesten duten lau alderdietako buruzagiak Madrilen izan dira gaur, Auzitegi Konstituzionalean, lehenengo, eta Madrilgo kazetarien aurrean, ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu