Eusko Legebiltzarrak onartu eta Espainiako Auzitegi Gorenak galarazitako herri galdeketa bihar zen egitekoa. Auzi horren harira, kontsultari "dramatismoa" kentzearen alde egin du Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, eta ekimen hori "pixkanaka" sustatzearen alde. Ildo horretatik, galdeketa bultzatzea herritarrei barik alderdi politikoei dagokiela iritzi dio, eta Europako eta nazioarteko erakundeetan egin dela lan hori.ETBn egin dioten elkarrizketa batean esan ditu horiek guztiak EAJko presidenteak.
Urkulluren arabera,Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua izan da galdeketaren oztopatzaile nagusia, baina, hala ere, Espainiako aurrekontuak onartzerakoan EAJk haren alde egitea justifikatu du autogobernua areagotzeko baliagarri izango dela argudiatuta. "Printzipio handiak eta egunerokoa -autogobernu handiagoa lortzea- txanpon beraren bi aldeak dira", azpimarratu du.
Ildo beretik, lortutako akordioaren bidez EAE aurrekontuetarako PSOEren laguntza bermatu dutela agertu du. "Lortutako akordioari esker, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru foru aldundien aurrekontuei PSOEk sostengua ematea aurreikusia dago". Eskumenak Espainiako Estatutik EAEra pasatzea "beste modu batera" egin behar litzatekeela gaineratu du, eta "ez soilik PSOEk eta PPk Espainiako Parlamenturako babesa behar dutenean". Halere, EAJk Ikerketaren eskumena lortzeko aukerari muzin egin behar al zion galdetu du eta "politikan dena gauza daitekeela" gogorarazi du.
Hauteskundeetara EArekin koalizioan joateari buruz adierazi du EAJ beti egon dela koalizioaren alde eta, hortaz, EAri dagokiola erabakia hartzea.
Kontsultari "dramatismoa" kendu behar zaiola uste du Urkulluk
Kontsulta egitea aurreikusia zegoen egunaren bezperan, EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidenteak kontsultaren alde "pixkanaka" lan egin behar dela iritzi dio. Eginkizun hori "alderdi politikoei" dagokiela esan du eta "ez euskal herritarrei".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu