Kontsumorako produktuen prezioak %0,5 garestitu dira irailean Hego Euskal Herrian

Prezioen garestitzearen «errudunak» bitartekariak direla salatu dute ELA eta LAB sindikatuek

NAGORE VEGA DONOSTIA
2007ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Irailetik aurrera diru gutxiago izango dute erosleek patrikan, oinarrizko kontsumo produktuetan diru gehiago gastatu beharko baitute. Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) %0,5 igo da irailean Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Gipuzkoan. Iazko irailetik hona, urte arteko tasa %2,7 igo da. Urte hasieratik hona, berriz, %1,9 igo dira prezioak.

Prezioen garestitzea hiru taldetan sailkatzen diren produktuek eragin dute bereziki: elikagaiek eta alkoholik gabeko edariek, jantziek eta oinetakoek, eta irakaskuntzak. Lurraldeka. Gipuzkoan igo da gehien indizea, %0,6. Ondotik, Bizkaian %0,5 garestitu dira produktuak, eta Araban eta Nafarroan, berriz, %0,3.

Urte arteko tasari begiratuz gero, Araba da inflazio handiena jasan duen lurraldea: %3 igo dira prezioak azken urtean. Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, %2,7koa izan da igoera. Hego Euskal Herrian, Nafarroa izan da iazko irailetik inflazio txikiena pairatu duen probintzia: %2,3.



SINDIKATUEN ETA PATRONALARENKEZKA. KPIk irailean izan duen igoeraren balorazioa egin dute Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiek, baita Confesbask patronalak ere. Hainbat arrazoirengatik, baina bai sindikatuek eta bai patronalak ere kezkatuta daudela adierazi dute.

ELAk prezioen gorakadaren erruduntzat bitartekariak jo ditu: «2006 urte osoan adina igo dira prezioak irailean, baina errua ez da ekoizleena, igoera benetan eragiten dutenak bitartekariak dira, euren mozkinak kontsumitzaileen kontura ugaritzea erabaki dute eta».

ELA sindikatuaren iritziarekin bat egiten du LABek, bitartekariei dagokionez, eta haratago doa. Sindikatu abertzalearen arabera, irailean prezioak igotzea normala da merkealdia amaitzen delako, baina oso kezkagarria da ogiaren, esnearen, arrautzen eta haragiaren prezioek izan duten gorakada. Datu bat ematen du baieztapen horren erakusgai: «Ogiaren salneurriaren igoera gariaren eta beste laboreen garestitzearen ondorioz etorri dela esaten digute, baina laboreen prezioa %2,9 igo da urtea hasi zenetik; ogiarena, aldiz, %8,1».

Pilar Collantes Euskadiko UGT sindikatuko idazkariak neurriak eskatu dizkio Administrazioari. «Oinarrizko produktuen prezioak igo direnez, kontsumoa eta enplegua ez jaisteko neurriak hartzea behar-beharrezkoa da», adierazi du. Era berean, inflazioa kontuan hartzea eskatu du, soldaten igoera kalkulatzeko oinarria baita.

Euskal Autonomia Erkidegoko CCOOk UGTren ildoari jarraitu dio egin dituen adierazpenetan, eta nabarmendu du prezioen garestitzeak pentsiodunei eta langileei eragingo diela bereziki. Ondorioak saihesteko plan bat diseinatzekoeskatu dio Administrazioari.

Patronalak, bestalde, KPI igo izanak Hego Euskal Herriko lantegien produktuen lehiakortasunari eragingo diola nabarmendu nahi izan du. Enpresek janarien banaketan eta petrolioarekiko duten menpekotasuna saihestu, eta lehiakorragoak izateko neurriak eskatu ditu Confesbaskek.



«2006 urte osoan adinaigo dira prezioak aurtengo irailean, baina errua ez da ekoizleena»

ela


«Gariaren eta beste laboreen prezioa %2,9 igo da urtea hasi zenetik; ogiarena, aldiz, %8,1»

lab


«Administrazioak kontsumoa eta enplegua ez jaisteko neurriak hartzea behar-beharrezkoa da»

ugt


«KPIren igoerak Hego Euskal Herriko produktuen lehiakortasunarieragingo dio»

confebask




ZenBaKIa

0

Aurtengo irailean kontsumo produktuenprezioek izandako garestitzea iazkoaren aldean handia da, iazko irailean mantendu egin baitziren, 0 garestitu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.