Zubietako errauste planta

Kontu Auzitegiaren epaiari helegitea jartzea onartu du GHK-k

Argudiatu du epaileak ez duela behar bezala frogatu aurreko errauste plantaren gaindimentsioa. Azpiegitura hori gelditu izanak eragindako kostua —46 milioi euro— EH Bilduko agintariek ordaintzea nahi dute EAJk eta PSE-EEk.

Gipuzkoako Foru Aldundiko eta GHK-ko egungo agintariak Zubietako errauste plantaren obretara eginiko bisita batean, ekainean. ANDONI CANELLADA (FOKU)
2018ko urriaren 29a
07:17
Entzun

Urriaren 10ean GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko arduradun ohi Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin errugabetu egin zituen Espainiako Kontu Auzitegiak — aurreko legealdiko GHK-ko presidente eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiak, hurrenez hurren— . GHK-ko oraingo arduradunek jo zuten auzitara, EH Bilduko agintariek 2013an Zubietako erraustegiaren proiektua geratu zutelako; geldiarazte horrek ekarritako gastua Intxaurrandietak eta Errazkinek pagatzea nahi zuten: 46 milioi euro. Auzitegiak eskaria atzera bota zuen, baina auzibideari eutsi egingo diote salatzaileek

GHKren batzarrak errekurtsoa aurkeztea erabaki du, EAJ eta PSE-EE-ko ordezkarien aldeko botoekin (%55,6); kontra bozkatu dute %10,2k, GHK-k ohar batean jakinarazi duenez. Erabakiak —eta are gehiago zigortua izango balitz— bere eta bere familian izan dezakeen eraginaz ohartarazi du Intxaurrandietak. Nahiz eta egun GHK-ko kide ez izan, batzarrean hitz egin du.

Zabortegietakoa erraustu

GHKren abokatuen iritziz, epaiaren ondorioak ez du praktikatu diren frogen babesik. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarentzat, berriz, ebazpenak ez ditu aintzat hartzen auziarekin loturik beste instantzia judizial batzuek emandakoa epaiak; hala nola ,EAEko Auzitegi Nagusiarena, zeinak, bere ustez, "argi eta garbi" frogatzen duen kontsortzioaren aurreko kudeatzaileek "agintea desbideratu zutela, eta horrek milioi askoko galerak ekarri zizkiola sozietate kudeatzaileari eta Gipuzkoako herritarrei".

Kontu Auzitegiaren lehen epaia ez dator bat horrekin, eta, areago, ohartarazi du geldiarazitako errauste plantaren proiektua "gaindimentsionatuta" zegoela: finean, kaltea baino gehiago, onura ekarri ziola erabaki horrek Gipuzkoari.

Berriak bere igandeko edizioan aurreratu zuen moduan, GHK-k uste du gaindimentsioren auzia ez duela behar bezala frogatu epaileak. Helegiteak dio badirela beste aukera batzuk errauste plantaren gaindimentsionatzearen balizko arazoari aurre egiteko: zabortegietako hondakinak ere erraustea, kasu.

"Arazoren bat balego, hondakin gehiago ekarriz emango litzaioke irtenbidea, eta aukera hori ez du aintzat hartu auzitegiak", dio txostenak. San Markokoa (Errenteria) 2008an itxi zuten, 2014an Urtetakoa (Zarautz), 2015ean Sasietakoa (Beasain), eta 2016an Lapatxekoa (Azpeitia). Txostenean ez du zuzenean aipatu Gipuzkoatik kanpoko zaborrak ekartzearen aukera, baina iradoki dute.

Zubietako errauste planta geltzeko eskatu zuten larunbatean Donostian eginiko manifestazio jendetsu batean: 10.000 pertsona, deitzaileen arabera.

EH Bilduk "gatazka berbideratzeko" eskatu du

“Mendekuaren bidean jarraitzea guztiz ulertezina eta arduragabekeria litzateke”, esan dute EH Bilduko kideek helegitea aurkeztearen inguruan Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, GHKren batzarra egiten ari ziren bitartean. "Gatazka berbideratzeko" deia egin zietela ekarri dute gogora, eta eskatu dute ez jotzeko berriz auzitegietara: “Berriz ere adostasuna eta eztabaida arbuiatu eta mendeku eta gatazkaren aldeko hautua egingo lukete errekurtsoari bide emanez gero. Sententzia irakurri duena konturatuko da hau burugabekeria bat dela”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.