Nafarroako Kontuen Ganberako presidente Helio Robledak agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan. Mendekotasun Legearen bidez ematen diren laguntzen inguruko txosten baten berri eman du. 2007tik 2013ra ordainketa oker asko izan zirela nabarmendu du. "Baina prozesua asko hobetu da, datuen homogeneizazioari esker". Kobraketa okerren kasuan, %38tan pertsona hil eta gero administrazioak ordainketa egiten jarraitu du. %46tan bizitokiaren aldaketak ekarri du kobraketa okerra.
Txostenak jaso dituen gomendioen arabera, Madrildik jasotzen den finantzaketa aztertzea eta kopurua arautzea dago. Era berean, kobraketa okerrak gertatu diren gutunen jarraipenarekin jarraitzea gomendatzen da. Txostenaren egile Karen Morenok adierazi du gutun askoren tramiteak hasiak dituztela, preskribatu baino lehen.
Eskaera gizarte zerbitzuen kudeaketan sartzen denetik laguntza aitortzeko erabakia eman arte sei hilabeteko epea dago. Nafarroan batez besteko epea 6,71 hilabetekoa da. Ezkerrako parlamentari Txema Mauleonek salatu du herritar asko tarte horretan hil egiten direla, eta epeak "oso garrantzitsuak" direla. Ohartarazi du Nafarroako mila pertsona hil direla, mendekotasun laguntza jaso baino lehen. Ildo beretik, Bilduko parlamentari Bikendi Bareak nabarmendu du administrazioak "arrazoizko" epetzat jotzen dituen horietan pertsona asko hil egiten direla.
UPNk, berriz, adierazi du herritarrek "ardura zibila" behar dutela, "larria" baita familia batzuek mendekotasun laguntza jasotzen jarraitzea, titularra hilda dagoenean.