Kontuz-ek Goikoetxearen aurkako salaketa jarriko du bihar Madrilen

Salaketak berresten badira, Barcina bera salatzeko prest agertu da elkartea. Idoia Nievesen ausardia txalotu du.

2014ko otsailaren 12a
07:25
Entzun

"Idoia Nievesek azaldutako gertaeren larritasunaren aurrean" Kontuz elkarteak Lourdes Goikoetxearen aurkako salaketa jarriko duela auzitegietan jakinarazi du gaur. Bihar egingo du, Madrilen, besteak beste, prebarikazioa eta influentzia trafikoa leporatuta. Goikoetxeak duen kargua aintzat hartuta, Espainiako Epaitegi Gorenean jarriko du salaketa. Gainera, Nievesek esandakoa berresten bada, Barcina ere salatzeko prest agertu da elkartea. Zehazki Nafarroako Unibertsitatearen zigorrari eta CANeko informazio eskaerari dagozkion ataletan salatuko luke presidentea.

Kontuz-ek BERRIAra bidali duen oharrean dio Nievesek egindako salaketa ikertu beharrekoa dela, "Nafarroako Ogasunaren sinesgarritasuna basatiki kaltetzen duelako". Egin ezean, kaltea konponezina izan litekeela dio. Aipatzen ditu oharrean, gainera, auziak Nafarroako botere faktikoak ukitzen dituela: Volkswagen, Opus Deiren unibertsitatea eta Nafarroako Kutxa. Nabarmendu du Kontuz-ek salaketetako batek CANen dieten auzia pil-pilean zegoen garaiko dela: "Onartezina da Barcinak bera nahastuta zegoen prozesu batean bere boterea erabili zuelako susmoa ere edozein ikuspuntu demokratikotik".

Kontuz-ek mobilizatzera deitu du, eta nafarrengan konfiantza duela adierazi du, "ordezkari politikoek euren funtzioa zintzotasunez bete dezaten lortzeko". Edozein aferaren aurrean gertatutakoa argitzeko bere konpromisoa agertu du elkarteak, "erortzen den edonor erortzen dela ere". Azkenik, Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiaren ausardia txalotu du Kontuz-ek, eta emandako pausoarengatik zoriondu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.