Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Nafarroako Kutxaren auzia epaitegi horretan aztertzea nahi duela-eta, aukera horren aurka agertu da gaur Kontuz! Nafarroako Kutxako erabiltzaile eta bezeroen plataforma. Argudiatu du kutxa desagertu izanaren arduradunak eta kaltetuak —"milaka nafar eta erkidegoa bera, bere finantza tresna nagusia galdu duelako"— Nafarroakoak direla eta, beraz, auzia Nafarroan bertan epaitu behar dutela.
Plataformaren iritziz, Madrilen aztertuta, arriskua dago auzia "lo" geratzeko: "Nafarroako herritarrek eskubidea dute euren kutxarekin gertatu denaren egia jakiteko". Iragarri du auzia Auzitegi Nazionalera igortzearen aurkako erabakiaren kontra helegitea jarriko duela, eta gaineratu du espero duela Maria Paz Benito Nafarroako Lurralde Auzitegiko epaileak ere beste horrenbeste egitea.
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko 6. instrukzio epaitegiko magistratuak tramiterako onartu du burtsaratzeko orduan izandako irregulartasunengatik Banca Civicako kontseilarien aurka UPDk jarritako salaketa. Era berean, Iruñeko 3. instrukzio epaitegiari orain arteko ikerketaren informazioa eskatu dio, eta Nafarroako Kutxa auziaren zati nagusia Madrilera igortzea ebatzi du. Nafarroako Gobernuak kutxaren finantza jarduera ez zaintzeagatik Miguel Sanzi egotzitako omisiziozko prebarikazio delitua salbu, gainerako gertaeren ikerketa bere gain hartu nahi du epaileak.