"Aski da" esateko tenorea ailegatu dela uste du Kontuz-ek. Horregatik, manifestazio "erraldoia" eginen du ekainaren 22an, Iruñean. Barcinaren dimisioa eta CAN auzia Espainiako Auzitegi Gorenaren esku ez uzteko eskatuko dute. Izan ere, kasua Espainian ikertzeak “kezkatu” egiten ditu. “Ihes egin nahi dute berriz ere, prozesu hau Madrilen geldiarazi dadila lortu nahi dute, edo kasurik hoberenean auzia lo gelditu dadila in saecula saeculorum”, azaldu du Patxi Zamora Kontuz-eko bozeramaileak. Gainera, diligentzia guziak egin arte kasuak Nafarroan geratu behar duela berretsi du elkarteak.
Kontuz-en aburuz, CANeko Batzorde Iraunkorreko kideen karguak ez dira haienak, Nafarroako herritarrenak baizik. Horregatik, dimisioa aurkeztea galdegin dio berriz ere Barcinari. Foruduna izateari utzi beharko liokeela uste du elkarteak, ikerketa bertan geratzeko. Manifestazioa 18:00etan aterako da, Golem zinema aretotik, Ustelkeriari ez. CAN auzia hemen iker dadila. Barcina dimisioa lelopean. Herritar guziei "kalte" egin dietela esan dute, eta, beraz, haiei guziei egin diete manifestazioan parte hartzeko gonbita, "ideologia eta iritzi politikoak alde batera utzita".