«CAN auziak Nafarroara itzuli behar du; ez zuen hemendik atera behar». Horixe nabarmendu du Kontuz elkarteko kide Patxi Zamorak, hedabideen aurrean egindako agerraldian. Horregatik, hain zuzen ere, Kontuz-ek erabaki du helegiterik ez jartzea Espainiako Auzitegi Nazionalak plazaratutako azken autoaren aurka, eta Nafarroako Parlamentuari eskatu dio har dezala Nafarroako Kutxa desagertu arteko bidean gertatu zena argitzeko lana. Zer ikertu badela nabarmendu dute elkarteko kideek, eta horren adibide jarri dituzte Nafarroako Kutxak azaldu gabe egindako milioika euroren gastuak.
Espainiako Auzitegi Nazionalak erabaki du CANeko eta Banca Civicako kudeatzaile eta arduradunen aurkako auzia behin-behinean ixtea. «Bi urte pasatu eta gero, bide judiziala hemen amaitzen dela onartu behar dugu; ordua da Nafarroan, eta berme osoarekin, bide instituzionala irekitzeko», erran du Zamorak.
Kontuz-ek Nafarroako Parlamentuaren esku utzi nahi du CAN auzia argitzeko auziaren zama. Horrek ez du erran nahi elkarteak lanean jarraituko ez duela. «Laguntzeko prest gara, eta segituko dugu gure zereginarekin; baina uste dut Kontuz-ek egin duela bere ekarpena». Erakundeek izan behar dute, orain, protagonista, elkarteko kideen hitzetan. Zamorak gogoratu du Nafarroako Gobernua babesten duten taldeek akordio programatikoan hartu zutela CAN auzian gertatutakoa argitzeko konpromisoa.
Ikerketa batzordea
Kontuz-ek argi du Nafarroako Parlamentuak ikerketa batzordea jarri beharko lukeela martxan, CAN auziari buruz. «Trabarik eta baldintzarik gabeko ikerketa batzordea», zehaztu du Zamorak. Ez hori bakarrik. Gobernuak gertatu diren ustelkeria kasuak ikertu beharko lituzkeela uste dute elkarteko kideek, ardurak argitzeko, eta neurriak jarri beharko lituzkeela, gainera, aurrerantzean halakorik berriz ere gerta ez dadin. «Diru publikoaren kudeaketak behar ditu tresnak kudeaketa hori bera kontrolatzeko», nabarmendu du Patxi Zamorak.
Hainbat hari utzi ditu elkarteak mahai gainean, CAN auziaren mataza askatzen hasteko. Auzitegi Nazionalak bere esku dituen hainbat datu ezagutarazi ditu Kontuz-ek, zehazki, CANek azaldu gabe egindako hainbat gasturi buruz. «Legezkoak izan daitezke; bidezkoak ere, gastu horietako hainbat; deigarriak dira, hala ere, eta herritarrek merezi dute gastu horiek zergatik egin diren azaltzea».
2012ra bitarte, eta zortzi urtez egindako gastu horietako zenbait ardoak, luxuzko autoak eta bidaiak erosteko izan ziren, Kontuz-ek salatu duenez. «Corte Ingles-en filial batek 13,6 milioi euro fakturatu zizkion CANi; bidaietan zazpi milioi euro gastatu zituzten; eta luxuzko hoteletan, berriz, bertze hiru», azaldu du Zamorak. Sarria ardotegian ere dirutza gastatu zuen CANek, Kontuz elkarteak ezagutarazi duenez: «Bi milioi euro». Hainbat enpresa eraikitzailek ere jaso zuten CANen dirua: «120 milioi euro, denera».
Zamorak gogoratu du martxan dela, oraindik, ekonomia eta fiskalitate delituak ikertzen dituen zerbitzuak (UDEF) hasitako ikerketa, Miguel Sanzen eta Enrique Goñiren ondareari buruz.