HAUTESKUNDEAK

Kontzertuaren erreforma eskatu du Urkulluk, EAEk BEZaren kontrola izan dezan

Patxi Lopezek zerga politikan proposatu dituen aldaketak "ateraldi hutsak" iruditzen zaizkio EAJko lehendakarigaiari.

Berria.info
2012ko irailaren 17a
15:29
Entzun

Kontzertu Ekonomikoaren erreforma proposatu du Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak. Erreforma horren helburua BEZ balio erantsiaren zerga kudeatzeko eta kobratzeko ardura foru aldundiei ematea litzateke. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek zuzeneko zergak aratzeko eskumena dute (errenta eta sozietateak), baina zeharkako zergek Espainiako Gobernuaren eskuetan jarraitzen dute.

Hitzaldia eman du Urkulluk Bilbon, eta krisia gainditu ahal izateko zerga arloan proposatzen dituen moldaketak azaldu ditu. Errenta zergari dagokionez, beharrezkotzat jo du tarifa orokorra eta aurrezkiak ordaintzen duten tasa berraztertzea. Halaber, salbuespenen iraunaldia, pentsio planei ematen zaien tratua eta hainbat kenkari egokitzea nahi du. Horien artean ez legoke prest etxebizitza erosteko ematen den kenkaria ezabatzeko. Sozietate Zergan, berriz, sakoneko erreforma eskatu du, baina "giltzarri" diren kenkariak kendu gabe. Esaterako, aktibo finkoak erosteko ematen den kenkaria, enplegua sortzeko hobariak edo ikerketa, garapena eta berrikuntzari ematen zaizkionak.

Urkulluren irudiko, "ateraldi hutsak" dira Patxi Lopezek zerga sistemari buruz egin dituen azken proposamenak. Besteak beste, 120.000 euro baino gehiago irabazten dutenei errenta zergaren tasa %60ra igo nahi die Lopezek, eta 25 langile baino gutxiago dituzten enpresei sozietate zerga sei puntu jaistea eskatu du, %24tik %18ra. "Tituluetan itzal handia duten neurriak dira, baina gero zerga sisteman eta zerga bilketan oso eragin eskasa dutenak", argudiatu du Urkulluk.

EAJk bere oinarriei ez diela uko egingo adierazi du gaur goizean Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak, baina erantsi du "hankak lurrean" edukita lan egingo duela. EAJ "autogobernuaren ala independentziaren alde" dagoen, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin baino lehenago argitzeko eskatu zion atzo Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Urkulluri, eta hark erantzun dio "autogobernu maila gero eta handiagoa" izatea nahi duela, betiere "akordioen bidetik".

EAJren lehentasuna krisi ekonomikoari aurre egitea dela azaldu du Urkulluk, baina ez diola uko egingo estatus politikoa aldatzearen alde lan egiteari. Horren harira, Eusko Legebiltzarrera estatus politikoa aldatzeko proposamen bat eraman aurretik ados jarri nahi duela esan du. Urkulluk "errespetua" eskatu du Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua moldatzeko egin zuen proposamenarentzat, eta ekimen hura "ez estigmatizatzea" galdegin du. Hain justu, proposamen horretan jasotako hainbat gai txertatuko ditu EAJk ekimen berrian, Urkulluren esanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.