Kontzientzia eragozleen erregistro legea onetsi dute

Osasunbideko osasun arloko profesionalei zuzenduriko xedearen aurka bakarrik geratu dira UPN eta CDN

Maialen Huarte
Iruñea
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran onetsi egin dute osasun langileen kontzientzia eragozpenaren erregistroa sortzeko legea. UPNk eta CDNk aurka bozkatu badute ere PSNren, NaBairen eta IUNren aldeko botoek aurrera atera dute legea. «Beharrezkoa da Nafarroako Osasunbideak lege hori berrestea eta abortatzeko eskubidea bermatzea», azaldu zuen PSNko legebiltzarkide Maria Chivitek.

«UPNk trabak baino ez ditu jartzen erdietsitako eskubideetan,eta lege hau administrazio prozedura bat besterik ez da», adierazi zuen. Chiviteren ustez, UPNk zuzenduriko gobernuak, abortuaren inguruan duen jarrerak «derrigortu» ditu arau hori legeztatzera.

Foru lege hori, kontzientzia-eragozpena onesten duena, PSNren ekimena izan da, eta helburu du abortua praktikatu dezaketen osasun arloko langileek erregistro horretan islatzea abortua praktikatzeko eragozpenik ote duten. Beti ere, datu horiek «isilpeko informazioa» izanen direla berretsiko dela nabarmendu dute legearen sustatzaileek. Horren xede nagusia Osasunbideak «kudeaketa egokia» egitea da eta, bide horretan, «abortatzeko eskubidea» bermatzea, Maria Chiviteren arabera.

Nafarroan abortatzeko aukera

«Behingoz legea betetzeko eta Nafarroan emakumeen abortatzeko eskubidea bermatzeko eskatzen dugu». Nafarroa Baiko Asun Fernandez hala mintzatu zitzaion Nafarroako Osasun kontseilariari Maria Kutzi. «Sexu osasunak eta baita ugalketarenak ere, emakumearen nahierakoak izan behar dute, eta ez UPNren gobernuak ezartzen duen modukoak». Era berean aritu zen IUNren izenean Ana Figueras. «Onartezin» deritzo UPNk zuzentzen duen gobernuak «eskubide eta zerbitzu zenbait ez bermatzea».

UPNk oso bestelako postura erakutsi zuen. «Kontzientzia eragozpena edozein unetan aitortu daiteke», azaldu zuen Javier Markotegi Nafarroako Parlamentuko foru diputatuak, alderdiaren izenean. Eta zehaztapen bat egin nahi izan zuen: «Gobernuak legea betetzen du, guztiz ados ez bagaude ere, horretara behartuak baikaude». Nafarroan haurdunaldiaren etenerako ez dagoela eskubiderik azaldu zuen, osasun zerbitzuak jasotzeko baizik. Harago ere egindu «kontzientzia eragozpen eskubidea egon badago, eta beharrezkoa da, lege organiko bat egoteagaratua izan dadin».

CDNk bat egin du UPNrekin. Kontzientzia eragozpena arautzearen alde dago, baina itxaron egin behar dela dio. «Ez da oraindik zehaztu nola legeztatuko den,eta horregatik Gorteetan arautzea da gure proposamena», Jose Andres Burgueteren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.