"Kontzientzia sozialari" eginiko ekarpena eskertu dio Jaurlaritzak BAKi

2013ko maiatzaren 4a
16:19
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritzako zuzendari Jonan Fernandezek eskerrak eman dizkio Bakearen Aldeko Koordinakundeari, "kontzientzia sozialari" eginiko ekarpenagatik. "Egungo errealitatea, indarkeriaren aurkako kontzientzia soziala eta biktimekiko elkartasuna ezin daitezke ulertu" BAKen ekarpen "erabakigarririk" gabe, Fernandezen esanetan.

Gaur erabaki du Bakearen Aldeko Koordinakundeak elkartea desegitea. Ekainaren 1ean egingo dute agur ekitaldia.

Koordinakundearen "irmotasuna" eta eginiko lana eskertu dute EAJk, PPk eta PSEk. Joseba Egibar EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Radio Euskadin esan du Bakearen Aldeko Koordinakundeak "ibilbide oso garrantzitsua" egin duela "herritar guztien defentsan". PSEko legebiltzarreko eledun Jose Antonio Pastorrek, berriz, esan du "denek" dutela zer eskertu elkarteari, eta nabarmendu du "ahots ausarta" izan zela gizartea "lo" zegoenean.

PPko legebiltzarkide Laura Garridok adierazi du "errespetua, eskertza eta aitormena" zor diola koordinakundearen lanari. "Xingola urdinak ditut gogoan. Ez ziren une errazak, sarri manifestazioetan kontramanifestazioak zeudelako", esan du. EH Bilduko legebiltzarkide eta Alternatibako koordinatzaile Oskar Matutek, berriz, "errespetua" adierazi du elkarteak eginiko lanaren aurrean, eta ohartarazi du koordinakundea desegiteak "argudiorik gabe" uzten dituela ETA "mehatxu bat izaten jarraitzen duela" diotenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.