Lana eta familia bateragarri egiteko oztopoak jartzea leporatu dio LABek Eusko Jaularitzari. LABek jakinarazi duenez, funtzionario bati lanaldia murriztea ahalbidetzen zion epaiari helegitea jarriko dio, eta horren karietara egin du salaketa. «Ez zutela helegiterik jarriko esan ziguten, baina ez dute hitza bete», salatu du sindikatuko Patxi Bengoak. Haren arabera, «lotsagarria» da Jaurlaritzaren jokabidea. «Langile guztioi dagokigun eskubide bat urratzen ari dira, eta hori oso larria da».
Urrian egin zen epaiketa Gasteizko Administrazio Auzitegian. Bertan, funtzionarioak azaldu zuen lanaldi murrizketa eskatu zuela alabak eskolara eramateko. Horretarako arazorik ez legokeela frogatzeko, lan egiten zuen zerbitzuko arduradunaren onespena aurkeztu zuen: Eusko Jaurlaritzako Itzulpen Zerbitzu Ofizialeko arduradunarena, haina zuzen. Haren arabera, lanaldia betez gero ez zegoen eragozpenik beranduago sartzeko.
Baina Jaurlaritzak ukatu egin zion, eta 09:30 baino lehen lanean hastera behartu zuten. Lan Harremanen zuzendariak agindutako zirkular baten bidez egin zuten hori. Bertan, bi salbuespen baino ez ziren jartzen lanera beranduago sartzeko: euskarazko eskoletara joatea edo Mendekotasun Legearen onuradun diren pertsonei laguntza eman behar izatea. Jaurlaritzaren abokatu Ana Agirrek—Jaurlaritzako Industria sailburu izandakoa—defendatu zuen, gainera, funtzionarioen lanaldi murrizketak araututa egon arren ordutegia arautzeko lege izaera duen testurik ez dagoela.
Epaileak arrazoia eman zion funtzionarioari. Baina Jaurlaritzak ez du ontzat eman, eta helegitea jarri du. Bengoaren arabera, «ulertezina eta kontraesankorra» da Jaurlaritzaren jokabidea.
Ez du ulertzen Jaurlaritzak eskubide hori ez errespetatzea. «Edozein enpresa pribatuk baino baliabide eta erraztasun gehiago ditu langileei eskubide hori ahalbidetzeko, eta ez du zentzurik ez egitea. Are gehiago, enpresa pribatuei alor horretan neurriak hartzea agitzen dietenean».
Hala, eta duten jokabidea kontuan hartuta, Bengoari «propaganda» iruditzen zaizkio familia eta lana uztartzeko Jaurlaritzak aurkezten dituen laguntzak. «Langileen eskubideen alde egiten dutela, eta gizarte politika aurrerakoiak bultzatzen dituztela esaten dute. Baina, errealitatean, kontrakoa egiten dute».
Hori ikusirik, LABek familia eta lana bateratzeko eskubidea sustatzen jarraituko duela adierazi du Bengoak: «Azken batean,guztion eskubidea da. Denok egin behar dugu lan eskubide hori errespetatua izateko».
Kontziliazioa oztopatzea egotzi diote Jaurlaritzari
Funtzionario bati lanaldia murriztu ahal izatea onartzen zion epaiari helegitea jartzea salatu du LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu