Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kooperazio sektoreko langileek elkarretaratzea eta parodia bat egin dute gaur goizean Bilbon, Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean. Jaurlaritzak kooperazioko diru saila %36 murrizteko asmoa duela azaldu du, eta murrizketa horren aurka egin dute protesta 60 lagunek. ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuetako kideek bat egin dute langileen ekimenarekin.
Joseba Gotzon Martin langileak adierazi du Jaurlaritzaren murrizketak ez duela proportziorik aurrekontu orokorren txikitzearekin, eta, horren ondorioz, kooperazio sektorea desagertzeko arriskuan geldi daitekeela. "Bizkaiko Foru Aldundiaren murrizketak ere oso handiak izan dira. Prekarietate handia dago berez sektorean. Eta Jaurlaritzaren erabakiarekin ezingo da proiektu berririk egin". Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 400 lagun inguru dabiltza lanean une honetan kooperazio arloan.
Hilaren 12an, Eusko Legebiltzarrean aurrekontuen bozketa egiten den egunean, beste protesta bat egingo dute kooperazio sektoreko langileek.