Eusko Legebiltzarrak datorren urteko aurrekontuak onartu berri dituen honetan, kritika egin du EAEko GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeen koordinakundeak. Izan ere, kooperaziorako laguntza hirugarren urtez segidan Jaurlaritzak izoztu egingo duela salatu du; 51 milioi euro bideratuko ditu egiteko horretarako, aurrekontuaren %0,49. Kooperaziorako Euskal Legean ezarritako helburua, 2012rako aurrekontuaren %0,7 kooperaziorako erabiltzea dela gogorarazi dute GKEk, eta Jaurlaritzari helmuga horretatik «urruntzen» ari dela egotzi diote. Kexu dira: «Krisiak ezin du emandako hitza ez betetzeko aitzakia izan».
Protesta horren berri emateko, hainbat agerraldi egingo dira gaur eguerdian Euskal Herrian.Bilbon, Guggenheim museoaren ondoan, GKEn koordinakundeak antolatutako protesta egingo da. Donostian, berriz, kexua adierazteko agerraldia Zero Pobrezia plataformako ordezkariek deituta egingo da, Ondarretako zubian.
2007an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak nazioarteko kooperaziorako legea. Bertan aurrekontuen %07ren inguruan ezarritako xedea nekez beteko dela gogorarazi dute GKEek. «Jaurlaritzak laguntzetan egindako izozteak argi erakusten du eroso bizi garen herrialdeok denontzat hobea izango den mundu baten alde konpromisoak hartzeko dugun interes ahula», salatu dute. Jaurlaritzak berriki Kooperaziorako Euskal Agentzia martxan jarri duela eta, gertutik aztertuko dutela azaldu dute.
Kooperazioan %0,7ko xedetik urrun egotea leporatu diote Jaurlaritzari
EAEko GKEek, krisiak emandako hitza jateko «aitzakia» ezin duela izan adierazteko, protesta egingo dute gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu