Urtebete igaro da Hodei Egiluz desagertu zenetik. Urteurrenaren harira, haren ama Koro Diazek eskutitz bat idatzi dio semeari, Hodei Missing webgunean. Dioenez, "beldur, estualdi, min eta goibeltasunez" betetako urtea izan da familiarentzat. Gogoan izan du txikia zenean jolasten ematen zituzten uneak: "Nahiago nuke hau dena hori izango balitz, joko bat, eta txikitan bezala zu aurkitzen bukatuko banu".
Diazek adierazi duenez, oraindik ez zaio iruditzen gertatutakoa "egia" denik. Galdera ugari dituela eta egin dituela dio, baina gaineratu du Poliziaren, agintarien, abokatuen eta beste hainbaten erantzunak ez direla "baliozkoak" izan.
Egiluzen desagerpenaren urteurrenarekin bat eginez, Anberesera (Flandria) joan dira haren senide eta lagunak, gaztea desagertu zen hirira -Ibon Uribe Galdakaoko alkatea ere joan da-. Elkarretaratzea egin zuten atzo udaletxearen aurrean, eta globo zuri bana askatu zuten, Egiluzen aurpegiaren irudiarekin. Kartelak itsasten eta eskuorriak banatzen ere aritu dira asteburuan.
Bart de Wever Anberesko alkatearekin biltzerik ez dute izan, Belgikatik kanpo dagoelako; hala ere, Stijn Vranken poetari 60 euskal idazleren gutunak eman dizkiote, hark alkateari emateko. Ikerketan aurrera jarraitzeko eskatzen diote eskutitz horietan.
"Hilaren 21ean urtebete izango da Bruselatik dei bat jaso genuela. Hodeiren lagun batek esan zigun desagertuta zeramatzala bi egun eta goiz hartan ez zela lanera joan", gogoratu du Pablo Egiluzek, Hodei Egiluzen aitak. Ez du amore emateko asmorik, eta argi du bilaketak aurrera segituko duela, semea agertu arte.
Desagertu zenetik gertatutakoak gogoan izan ditu: "Hauek dira desagerpena inguratzen duten nondik norakoak: bitan eraso zuten bat-batean, ibai bat oso gertu igarotzen da, eta kamerek ez dute grabatzen. Erasotzaileak atxilotu egin zituzten. Lehen erasoaren ondoren [Egiluz] ikusi zuten lagun talde bat topatzen dugu. Bigarrenaren uneaz ez dakigu ezer. Atxilotuak askatu egin dituzte. Ezerezean gaude, hipotesian".
Bilatzen jarraitzeko deia
Esker hitzak ere izan ditu. Bilaketan inplikatutako erakunde, talde, elkarte eta pertsonei eskerrak eman dizkie, bai Belgikakoei eta bai Europakoei ere. Gainera, uste du gertatutakoa ikusi zuten lekukoak egon badaudela, eta, horregatik, horiei bereziki eskatu die laguntza, semea "etxera eramateko".
Pablo Egiluzek adierazi duenez, Galdakaoko Udalak eta Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatu diote onar dezala adierazpen bat Belgikako Gobernuari bilaketarekin jarraitzeko eskatuz. Gaztearen gurasoak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroarekin bilduko dira bihar, Gasteizen.
Aurrerantzean, bertan behera utziko dituzte mobilizazioak, unearen arabera deialdi bereziren bat egiteko aukera baztertzen ez duten arren. Gaur egingo dute azken elkarretaratzea Galdakaoko udaletxe aurreko plazan.