Koronabirus gaitza dela eta, «lasaitasun» eta «konfiantza» mezuak helarazi ditu gaur Nekane Murgak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Gaitzaren egoeraren inguruan argibideak emateko prentsaurrekoa eman du sailburuak Gasteizen, Txema Arteagoitia Osasun saileko Txertaketen Aholku Batzordeko zuzendariak eta Enrique Peiro Gaixotasun Infekzioso Berrien Aholku Batzordeko presidenteak lagunduta. Agerraldian azpimarratu dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute oraingoz kasurik atzeman, baina Osasun sailak ez du baztertu etorkizunean kasuren bat agertzea. «Horregatik gure osasun sistemak erne jarraitzen du», azaldu du Murgak.
Osasun sailburuak jakinarazi duenez, Osakidetza kasu susmagarri oro «zorrotz» ari da artatzen. Orain arte, hamahiru koronabirus kasu aztertu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 11 baztertu egin dira. Beste bi pertsonen emaitzen zain dago oraindik Osasun Saila. Kasu guztiak beste herrialdeetatik inportatu dira, zehazki, Txinatik eta Italiatik.
Koronabirusaren inguruan sortutako alarma dela eta, lasaitasun mezua igorri nahi izan du Osasun Sailak, eta azpimarratu «prebentzioari, detekzioari eta jardunari» ekiteko badutela berariazko protokolo bat, komunitate zientifikoaren gomendioen arabera eguneratzen dena. Era berean, Osakidetzako profesionalei, zehazki Prebentzio, Epidemologia eta Larrialdietako unitateei prestakuntza eman zaie, eta aurki lehen mailako arretako profesionaletara zabalduko dute. Halaber, sailen arteko mahai bat eratuko dute bihar Eusko Jaurlaritzan, jarduera oro koordinatzeko. Bertan, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak, Segurtasuna, Hezkuntza eta Merkataritza eta Turismo sailak egongo dira ordezkatuta. Biharko bileran, Iñigo Urkullu lehendakaria izango da buru.
Murgak jakinarazi duenez, kontingentzia plan bat abiatu dute gaitzari aurre egiteko, eta Barakaldoko Gurutzetako, Donostiako eta Txagorritxuko ospitaleetan 600 ohe gehiago jartzea aurreikusi dute. Kontingentzia plan hori gripearen kanpainarekin urtero martxan jartzen den antzekoa da.
Bidaiak, soilik beharrezkoak badira
Gaixotasuna kutsatzeko arriskutsutzat jotzen diren eremuak zabaldu egin dira azkenaldian, eta, orain, ondorengoak dira: Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran eta Italia (Lombardia, Veneto, Emilia-Romagna eta Piamonte eskualdeak). Gaur egun ez dago inolako murrizketarik leku horietara bidaiatzeko, baina Peirok azpimarratu du beharrezkoa dela «zuhurtziaz eta zentzuz» jokatzea, eta gomendatu du soilik behar-beharrezkoa den kasuetan bidaiatzea leku horietara.
Horrez gain, herritarrekiko informazioa eta arreta indartu egin ditu Osasun Sailak, tartean telefono bidezko zerbitzua. Txinan, Hego Korean, Singapurren, Iranen eta Italiako iparraldean azken 14 egunetan egon diren eta arnas infekzioaren sintomak dituzten pertsonei mezu hau igorri die sailak: etxean geratzeko eta Osakidetzako Osasun Kontseiluko 900203050 telefonoaren bidez osasun agintariekin harremanetan jartzeko. Kasu horietan, ezarritako protokoloa aktibatuko da. Kasu susmagarriei dagozkien probak egingo zaizkie, eta, hala badagokio, koronabirusaren erreferentziazko ospitaleetara eramango dira: Gurutzetara, Donostiara eta Txagorritxura.
COVID-19 gaitza dela eta, «erantzukizunez» jokatzeko deia egin du Murgak, eta biztanleei eskatu die prebentzio neurriak zorrozteko. Gogoratu du, gripearekin bezala, «neurri erraz» batzuk hartzea lagungarri izan daitekeela kutsadura posiblea prebenitzeko. Hala nola eskuak ura eta xaboiarekin garbitzea; eztula edo doministiku egitean, ahoa eta sudurra ongi estaltzea ukondoarekin edo zapi batekin; eta, ahal dela, erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.