Koronabirusa espetxeetan «gogor» sartu dela salatu du Sarek, sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean. Dioenez, euskal presoak bizi diren hainbat espetxetan sartu da birusa, hala nola Picassenten, Brievan, Cordoban eta Estremeran. Hori ikusirik, plataformak eskatu du aske uzteko gaixotasun larriak dituzten presoak, adin handikoak eta kondenaren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak.
Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga plataformako eledunek azpimarratu dute kartzela ez dela pandemia bati aitzin egiteko toki egokia. Atxak eta Azkarragak gogora ekarri dute pandemiaren hasieran Europako zenbait erakundek gobernuei eta estatuei emandako gomendioa: kartzelatik ateratzea adin handiko presoak, gaixotasun larriak dituztenak edo kondenaren zati handi bat betea dutenak. Sarek, ordea, salatu du Espainiako Gobernuak entzungor egin diela Nazio Batuek eta Europako Kontseiluak neurriak hartzeko egindako eskaerei, eta ez duela neurririk hartu. Gainera, oroitarazi du Katalunian eta Erresuma Batuan preso asko aske uzteko erabakia hartu dutela, konfinamendua etxean betetzeko aukera izan dezaten.
Presoak mundutik «erabat bakartuta» daudela oroitarazi du Sarek: «Ez daukate inolako komunikazio arruntik eta apartekorik». Euskal presoen egoera, ordea, «are gogorragoa» dela nabarmendu dute: «Ez daukate senideei bideo deirik egiteko aukerarik, eta horrek areagotu egiten du kanpokoen eta barruko osasun egoeraren inguruan sortutako kezka eta larritasuna».
Presoez gain, aita, ama edo biak espetxean dituzten haur motxiladunen egoera ere salatu du plataformak. Gurasoak ikusteko aukerarik gabe haurrak aldi baterako «umezurtz» gelditu direla nabarmendu du plataformak. Gainera, «alferrikako krudelkeria» dela eta haur eta gurasoei «konfinamendu bikoitza» dakarkiela salatu dute.
Sarek eskatu du bertan behera uzteko presoak «mendeku tresna» bihurtzen dituzten salbuespen legeak. Itxaropenerako deia egin du plataformak, eta koronabirusa gainditzearekin batera elkartasuna eta bizikidetza eraikitzeko itxaropena zabaldu du: «Gakoa da konpromisoa hartzea urruntze politika desagertzearen alde lan egiteko, politika horren ondorioz, besteak beste, ume askok eta askok milaka kilometro egiten jarraitu behar izango dutelako beren senideak minutu batzuetan besarkatu ahal izateko».