Koronabirusak beste 34 hildako eragin ditu Hego Euskal Herrian

Guztira 1.614 zendu dira. Atzemandako positibo berriak, berriz, 461 izan dira.

Langile bat ohatilak garbitzen, atzo, Nafarroako Ospitalean (Iruñea). IñIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko apirilaren 24a
13:08
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eguneratu egin dituzte koronabirusarekin lotutako azken datuak. Azken egunetan erakundeek analisi positiboak egin dituzten arren, motela da pandemiaren beheranzko joera, eta hori baieztatu dute gaurko datuek ere. Hego Euskal Herrian beste 34 lagun hil dira (1.614 guztira).

Gora egin dute baieztatutako kasuek. Atzo 461 atzeman ziren, eta 18.960 dira koronabirusaren proban positibo emandako pertsonak. Datu horren gorakadak, ordea, badu zerikusia test gehiago egin izanarekin. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak inoiz baino test gehiago egin zituzten atzo: PCR probak soilik kontuan hartuta, 5.756 egin ziren Hegoaldean. Testa egin zitzaienen %7k eman zuten positibo.

Beherantz doana ospitaleratuen kopurua da. Atzo 42 lagunek utzi zuten ospitalea Hego Euskal Herrian, eta 1.073k jarraitzen dute haietan.

Lurraldeka

Lurraldeka, Bizkaia da oraindik ere pandemiak gogorren jotako lurraldea. Han 7.828 kasu baieztatu dituzte, eta 627 pertsona hil dira COVID-19ak jota. Ospitalean 475 lagunek jarraitzen dute. Nafarroan, berriz, 5.180 dira koronabirusa atzeman dietenak, eta 421 hildakoak; ospitaleratuak, berriz, 272 dira.

Araba pandemiaren lehen epizentroa izan zen Euskal Herrian, baina egoera leundu egin da han. Horren erakusgarri, Hegoaldean ospitaleratu gutxien duen lurraldea da: 143. Koronabirus kasuak 3.453 dira han, eta hildakoak, 331. Hildako gutxien, berriz, Gipuzkoan eragin ditu gaixotasunak (235). Han 2.499 kasu baieztatu dituzte, eta erietxean 183 lagunek jarraitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.