Koronabirusaren Indiako aldaera atzeman dute Akitania Berrian

Eskualdeko Osasun Agentziak baieztatu du hiru kasu direla: bi Lot eta Garona departamenduan, eta bestea, Bordelen.

PCR probak aztertzen dituzte Angeluko laborategian. Artxiboko argazkia. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko apirilaren 30a
11:11
Entzun

Koronabirusaren Indiako aldaeraren hiru kasu atzeman dituzte Akitania Berriko eskualdean. Eskualdeko Osasun Agentziak baieztatu du informazioa, goizean. Oraingoz, hiru kasu atzeman dituzte; bikote bati Indiako aldaeraren aztarnak atzeman dizkiote Lot eta Garona departamenduan, eta hirugarren kasua Bordeleko gizon batena da, Gironda departamenduan. Hiru herritarrek Indiara bidaiatu zuten aitzineko egunetan.

Eskualdeko Osasun Agentziak segurtatu du hurbileko kontaktuak «berehala» isolatu dituztela. Hala, beste lau lagun bakartu dituzte, positibo eman baitute PCR proban. Asteburuan aztertuko dituzte laginak Indiako aldaera duten ikusteko. Benoît Elleboode Eskualdeko Osasun Agentziako zuzendariak erran duenez, astelehenean emanen dute azterketaren berri. Halere, segurtatu du oraingoz ez dela agerralditzat jotzen ahal, kasuak «kontrolatuta» baitaude. Guztira beste hamar pertsona isolatu dituzte, «prebentzioz», positibo eman dutenekin kontaktua izan dutelako.

Elleboodek Indiako aldaerari buruzko kezka adierazi du. «Aldera horren mutazio batzuek pentsatzera ematen dute errazkiago transmititzen ahal dela, baina oraindik ez dugu aski informaziorik hori baieztatzeko». Atzemandako hiru kasuek sintoma arinak dituztela zehaztu du.

Rodanoaren Ahoak departamenduan aldaera horren beste bi kasu atzeman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.