Osasunaren Mundu Erakundeko arduradunak izurria eta konfinamendua eragiten ari diren arazo psikosozialez mintzatu dira gaur. Mundu osoan pandemiak depresioa eta antsietatea zabaldu dituela adierazi dute. Horrez gain, ezarritako neurriengatiko nekea areagotzen ari dela ohartarazi dute.
«Larrialdiaren ondoriozko nekea arriskuan jartzen ari da birusaren aurka egin ditugun aurrerapen preziatuak. Agintariekiko mesfidantza eta konspiraziokeria urruntze fisiko eta sozialaren aurkako mugimenduak bultzatzen ari dira», esan du gaur Hans Klugek, OMEren Europarako Bulegoko zuzendariak, Danimarkatik.
Klugek eskatu du «adi jarraitzeko eta aurreratutakoa babesteko», zeren bestela mesfidantzak, neurrien kontrako jarrerak eta harturiko ohiturak lasaitzeko joerak «gutako inork nahi ez duen bidetik eraman baikaitzake».
Agintarientzat ere izan ditu hitzak, ordea: «Jarraitu adi jendeak zer egiten duen; entzun, ikasi eta doitu neurriak horren arabera». Herritarren portaerak erabakitzen du birusaren portaera, azaldu duenez. «Gure esku dago».
Bulegoak emaniko datuen arabera, Europan 1,78 milioi positibo zenbatu dituzten, eta izurriak dagoeneko 160.000 pertsona hil ditu, munduko kasuen %43 eta heriotzen %56, alegia. Klugek nabarmendu du kasuak asko areagotzen ari direla Ekialdeko Europan.
Halere, Europako beste leku batzuetan ere «puntu beltzak» daudela ohartarazi du, eta Erresuma Batua, Espainia eta Errusia aipatu ditu.
Depresioa eta antsietatea
Izurriak eragindako «bakartzeak, beldurrak, ziurtasunik ezak eta ekonomiaren anabasak ezinegon psikologikoa eragiten dute edo eragin dezakete», adierazi du Devora Kestelek, OMEko buruko osasunaren ataleko zuzendariak.
Horren inguruko txosten bat aurkeztu du adituak, eta ohartarazi du litekeena dela asko areagotzea buruko gaitzen kopurua eta larritasuna. Gobernuek gaia lehentasunen artean jarri beharko luketela adierazi du.
Txostenean aztertu dute zer eskualde eta gizarte talde dauden arriskurik handienean. Nabarmendu duenez, hainbat ikerketak erakutsi dute dagoeneko izurria antsietatea eragiten ari dela haurren artean, eta antsietate eta depresio kasuak areagotzen ari direla mundu osoan, baita indarkeria matxista ere.
Psikologoen kontsultetan gehien aipatzen diren sintomak izua, antsietatea, haserrekortasuna, insomnioa eta amesgaiztoak dira.
Bizia, osasuna, lana edo hurbilekoren bat galtzeko beldurrez daude milioika pertsona, adituek nabarmendu dutenez. Horrez gain, zurrumurruak eta desinformazioa izua handitzen ari dira.