Korrika nahiz bide bazterrean. Jendetza izan da euskal presoen sakabanaketaren kontra protesta egiten Larrabetzun (Bizkaia), Etxerat elkarteak antolatutako Lasterbidean lasterketan. Iaz Oiartzunen (Gipuzkoa) eginiko lehen edizioan batutako jende kopuruari eutsita, helburua bete dutela nabarmendu du Etxerat-ek.
"Argi geratu da bihotzez eginikoa izan dela, eta senideen parte hartze zabala izan du", nabarmendu du elkarteak. Izan ere, preso bakoitzari eskatu zioten haren partez bi senide edo lagun bidaltzeko Larrabetzuko lasterketara. Hala, 720 lagunek parte hartu dute lasterketa luzean, eta 300 inguruk motzean. Horiez gain, 120 lagun aritu ziren boluntario lanetan.
Edizio berezia izan da aurtengoa, iragan asteburuan bete baitira 25 urte Espainiak euskal presoen sakabanaketari ekin zionetik.