Korrikak bigarren gaua Nafarroan barna egingo du

23. Korrikan gertatzen ari direnak, algarak eta negarrak, zuzenean.

Korrika, Larzabalen. PATXI BELTZAIZ
nerea intxausti
2024ko martxoaren 15a
07:40
Entzun

19:45 Zubiri

Gaua heldu da, baina Korrika ez da geratu, eta jende askok jarraitzen du lekukoaren atzetik. Nafarroako Bertsozale Elkartekoek hartu dute lekukoa, eta bengala gorriek egin die argi. 

Orain gutxi Zubirin izan da, eta dultzainek harrera egin diete. 

Luzaideko Bolantek 286. kilometroa korrika eta dantza egin dute aldi berean, Korrikaro egiten duten bezala. 

18:50 Eugi

Maldan behera hasi dira eta, kasualitatez, jende gehiago ari da orain korrika. Ulertzekoa da. Dena dela, inguru honetan korrika egin behar duzuen guztiek, gogoratu: Errail bakarretik joan!

Hamabost minutuko atzerapena darama Korrikak aurreikusitakoarekiko Eugin. 

17:20 Artesiaga

Azken ordua Artesiagako mendatetik gora eta gora eman dute furgonetak eta korrikalariek, batak besteek baino errazago. Ziurra da, dena dela, biak ala biak daudela sasoi onean, eta paisaia atsegina dute, behintzat. 

Eta gogoratu hau hurrengo hamar egunetan: 

Tartean, Baztango AEKn euskara ikasten ari direnei egokitu zaie maldan gora aritzea: Bulgariatik eta Zaragozatik Baztana etorritakoak dira, eta euskara ikastea erabaki dute. Jaio berri batek ere eraman du lekukoa. 

15:30 Irurita

Ostiral arratsalderako planik onena: korrika egitea! Hala egin dute Elizondon ehunka pertsonak: Santiago karrika bete dute. Elizondo izango da gaur Korrikak igaroko duen herri handiena. 

Korrika iristen ez den herrietako lagunek ere hartu dute lekukoa: gartzaindarrek egin dute 249. kilometroa, eta berroetarrek eta zigatarrek 254. kilometroa. Handik Iruritarako bidea hartu dute jarraian Olaia Inziarteren Behe Klasekoa abestiaren erritmoan. Laster dator Artesiagako mendatea, eta gora eta gora egin beharko dute korrika.  

Erratzutik korrika ari den baten bat badago oraindik —eguerdiko ordu batean pasatu da Erratzutik—. Baztango Errugbi Taldekoentzat korrika egitea nahikoa ez, eta errugbian ere aritu dira bitartean. 

Korrika ari diren bitartean mikrofonotik hitz egiteko eskatzen dizueten horiei, lasai, zuekin gaude.

14:50 Azpilikueta

Baztango laugarren herrirantz doaz korrika lagun asko: Elbetera. Bide horretan errei bakarretik egin ahal izan dute korrika, Foruzaingoak hala eskatuta. Elbete herria txikia da, baina jende pila bildu da Korrikan.

Bitartean, Euskal Herriko ikasle askok Korrika Txikietan parte hartu dute, esaterako, Antsoainen, Baionan, Galdakaon eta Orkoienen. 

Eta gogoratu, mesedez, lekukoa eta kartelaren atzetik egin korri!

13:20 Erratzu

Sartu da Korrika Nafarroan. Izpegiko lepoa pasatu dute, eta Baztan ibarrera sartu dira dozenaka lagun Erratzutik.

Lekukoa eramaten lehenak Baztango Gazte Asanbladakoak izan dira, baina gazteagoek eta zaharragoek ere eraman dute lekukoa: merkatariak, suhiltzaileak, Baztango herri txikietako eskolak... 1980ko hamarkadan egin zen Korrika lehen aldiz, eta oraintxe korrika ari diren gehienak ez zirela oraindik jaio zehaztu du hizlari ari denak. 

Orain bidea laua da, eta jende gehiago batu da korrikaldira. Nafarroan barneratu direnetik Erdik Bizirik-eko kamiseta ugari ikusi dira. Elizondora iristeko asmoa dute 15:00etan, eta, ondoren, nahiko lan izango dute Artesiagako mendatera igotzen. Astelehena bitarte arituko da Korrika Nafarroan. 

Azterketak eskuaraz dioen kartel bat daraman gizon batek goiz osoa darama korrika. 

12:15 Baigorri

Nafarroa Garaian sartu aurretik gurutzatu duten azken herria Baigorri izan da. Jendetza bildu da han. Herriko Etxeko ordezkariek eraman dute lekukoa. 

Baigorri utzi eta Izpegiko maldak hasi dira igotzen. Ez dute lan xamurra izango. Zortzi kilometro ditu mendateak, eta aldapa gogorrak ditu une batzuetan. Arnasarik ez da falta, ordea; dozenaka lagun ari dira gorako bidea egiten, Kortaturen Sarri Sarriren doinuan, besteak beste. Malda pikoei eta beroari aurre egiteko, furgonetatik ura banatzen ari dira.

Izpegiko lepoko bentetan zeharkatuko dute muga. Nafarroa Garaian sartuko da orduan, Baztandik. Aurreikuspenen arabera, Erratzura 14.14an iritsiko da. 

Korrikak 200etik gora kilometro egin ditu jada, atzo bazkalostean Irundik (Gipuzkoa) abiatu zenetik. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoatik pasatu ondoren, laster utziko du Ipar Euskal Herria. Baina azken egunean, martxoaren 24an, itzuliko da, Baiona helburu. Gaur goizeko korrikaldian haurrak eta gazteak izan dira nagusi. Eta aldarrikapen bat: azterketak euskaraz egiteko eskubidea.

10:58 Donibane Garazi

Antolatzaileek aurreikusitako orduan iritsi da Korrika Donibane Garazira. Frantsesenea lizeoko eta Zitadela ikastetxeko ikasleek sartu dute lekukoa herrian, eta ikastolako ikaskideei pasatu diete gero. Jende andana zuten zain espaloietan. Garazi ztail, gaztetxeko kideek egindako abestia entzunez zeharkatu dituzte Nafarroa Behereko hiriburuko kaleak. Espainiako karrikatik sartuta zeharkatu dute alde zaharra edo Irizaharrea, lekukoa eskualdeko komunikabideetako ordezkarien eskuetan zela. 

Azkaratera (11:24) bidea hartu du martxak, eta hortik Baigorrira (12:26). Handik, aurtengo Korrikako lehen aldapa pikoari egin beharko dio aurre: Izpegiko lepoa. 

09:20 Larzabale

Larzabalen jende anitz batu da, eta, besteak beste, Manex Erdozaintz kolegioko ikasleek hartu dute lekukoa. Azterketak euskaraz leloa duen pankarta eta kamiseta laranjak gehitu dira martxara. Nafarroa Beherean, kolegio mailan ikasketak euskaraz egiteko aukera ematen duen bakarra da Manex Erdozaintz. 

08:40 Donaixti

Zuberoa zeharkatu ondoren, Nafarroan Beherera itzuli da Korrika, Oztibarretik barrena dabil, erritmo bizian, dozenaka lagunen babesean eta eguzkia lagun. Larzabalera 09:20an iritsiko da. Handik ordubete pasatu beharko dute Donibane Garazira heltzeko: 10:58an jarria dute hitzordua. Handik Nafarroa Garairako bidea hartuko dute, Baigorritik, 12:16an. 

07:37 Urdiñarbe

Gipuzkoan hasi da 11 egunetan lehena, baina segituan igaro da Lapurdira. Donibane Lohizune, Senpere, Itsasu eta Uztaritze atzean utzi ditu, eta, ostiraleko 01:00ean, bizilagun askok lo beharko luketenean, korrika egitea erabaki dute hainbatek, eta Hazparnera iritsi dira.

04:00 aldera Amenduzen ziren, EHZ aurreneko aldiz hartuko duen herrian. Ezagun zuten poza.

Nafarroa Beherean sartu da goizaldean, eta Zuberoan ia segidan, 07:00 aldera Maule zeharkatu baitute. Larzabalera iritsiko dira 09:00 pasatxoan, eta Donibane Garazira 11:00etarako.

Maule zuen lehen hiriburua euskararen aldeko lasterkaldiak, eta une ederrak igaro ditu, gauez, eta pozik.

Baigorri pasatuta, Korrika ez da Iparraldera itzuliko azken egunera arte, martxoaren 24ra arte. Datozen orduetan Nafarroan sartuko da Korrika, Baztandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.