Beti izan da estua AEKren eta Euskaltzaindiaren arteko lotura. Baina horregatik ez ezik, 1968. urtetik euskararen alde egiten ari den lanagatik erabaki du Korrikak aurten Euskaltzaindia omentzea. Ostiralean Kursaalean egingo den omenaldia "xumea" izango dela nabarmendu du Edurne Brouard Korrikako arduradunak.
Zenbait gazte ausart dokumentala izango da ekitaldiaren muina. Iker Ugalde, Ekaitz Herrera eta Alexander Silva dira egileak; Mondragon Unibertsitatean Ikus-Entzunezko ikasketak ari dira egiten, eta haien ikasketa amaierako proiektua da dokumentala. Bertan, Euskaltzaindiaren historia laburbiltzen dute 30 lagunen testigantzen bidez. Besteak beste, Lurdes Auzmendiren, Pello Zabalaren, Estitxu Fernandezen eta Xabier Mendiguren Bereziarturen iritziak bildu dituzte.