Euskara edota euskaraz ikasten duten ikasleen kopurua gora doa urtetik urtera Ipar Euskal Herrian. Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eman dituen zenbakiak ez dira, ordea, loriagarriak. Ipar Euskal Herriko irakaskuntzaren azterketa sakona egiten ari dira, eta diagnosiaren lehen zatia aurkeztu zuten atzo prentsaren aitzinean, eta herenegun beren administrazio kontseiluan. Emaitzak zehatzak dira, eta argazkia biziki argia.
Ama eskolatik lizeo bukaeraraino, bost ikasletik batek baizik ez du euskara ikasten. D ereduan ikasten ari direnen kopurua are txikiagoa da: %4,3. Lapurdi kostaldean oraino gutxiago dira euskaraz ikasten duten ikasleak. Angeluko ikasleen %1,1 baizik ez da D ereduan ikasten ari, eta Baionan %2,5. Sistema elebidunean gehixeago dira, baina ez doaz %6tik gora. Baigorrin (Nafarroa Behera), ordea, ikasleen hiru laurdenak gela elebidunetan edo ikastoletan ari dira.Max Brisson EEPko lehendakariak kostaldeko ahulezia hori badagoela aitortu du. Beste ahulezia kolegio eta lizeoetan dagoela ikusi dute diagnosi horretan. Ama eskoletan ikasleen herenak ikasten badu ere euskara, kopuru hori anitz apaltzen da lehen mailan, eta biziki murritza gelditzen da kolegioan. Lizeoan euskararen lekua marjinala da. Ikas prozesuan gertatzen den eten hori konpontzeko gogoa ere baduela azaldu du Brissonek.
Urte askotarako plana 2006rako indarrean
«Diagnosi hori erreferentzia bat dela eta beharrezkoa zela aitortu dute guztiek», azpimarratu du Brissonek. Oraino ez dute diagnosia bukatu, baina irail bukaerarako espero dute behin betikoa agertzea. Hori abiapuntu bat izanen da urte askotarako plana proposatzeko. Urte bukaerarako aurkeztuko dute lehen proposamena. 2006ko eskola sartzetik landa indarrean ezarriko litzateke. Plan horren lehentasuna kolegioan eta lizeoan euskarazko irakaskuntza garatzea eta kostaldean euskara gehiago irakastea direla zehaztu du Brissonek.
EEPk animazio lan bat egin behar izanen du gurasoak beren haurrak kolegioetan ere euskaraz ikasten segiarazteko. Oraingo egoera normaltzat jo du, eta nahiko baikor agertu da. «Euskararen irakaskuntza azken urteetan anitz garatu da ama eskoletan. Oraino ez da hedatu kolegiora. Baina hori ere etorriko da». Ama eskoletako ikasleen %30ek euskara ikasten dutela eta, hizkuntza «galtzeko arriskutik kanpo» dagoela esaten du Brissonek. Haatik, %6,2 baizik ez dira murgiltze ereduan ikasten ari.Gisa guztiz, ukaezina da euskarazko eta euskararen irakaskuntza nabarmen ari dela gora azken urteetan, bai sistema elebidunean, bai ikastoletan. Hamaika urtez ikasle kopurua%144ez emendatu da sare publikoan, %146ez sare katolikoan eta %47z ikastoletan. Ikasle kopuruaren igoerarekin batera, irakasle postuen kopurua ere igotzen ari da.
Euskarazko irakasle gehiago
Haatik, ez dira nahi bezainbat emendatzen, eta aurten ere arazoak ditu Seaskak, bi lanpostu lortzeko. Baina tendentzia orokorra euskarazko irakasle postu kopuruen emendatzea dela nabarmendu da, oro har. Eskola publikoetan hamasei irakasle postu desagertuko dira, eta zazpi sortuko. Horietatik sei euskarazko irakasle postuak dira. Hots, galtzen diren irakasle postu guztiak frantsesezko irakasle postuak dira. Irakaskuntza katolikoan hiru postu desagertuko dira, eta beste hiru sortuko. Desagertzen diren guztiak frantsesezkoak dira, eta sortzen direnen erdia euskarazkoa.
Joera horrek aitzina jarraituko duela azpimarratu du Brissonek. «Begi bistakoa da sare elebiduna garatzen badugu, sare elebakarretik kenduko ditugula irakasle postuak, sare elebidunean sortzeko». Baina egoera hori onartu behar dela dio EEPko lehendakariak. «Ni pozten nau. Horrek erran nahi du euskararen irakaskuntza aitzina doala». Haatik, euskararen erabilera bultzatzeko eskola ez dela aski aitortu du. «Baina lehen urrats hori baitezpadakoa da».
EUSKARA. HEZKUNTZA
Kostaldean eta kolegio-lizeoetan irakasten dute gutxien euskaraz
Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herriko irakaskuntzaren diagnosia egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu