Kostaldearen argazki kezkagarria

Greenpeace talde ekologistak salatu du giza jarduerek egoera larrian utzi dutela Gipuzkoako eta Bizkaiko itsasbazterra

Erredakzioa
2005eko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Gizakiaren mehatxuaren pean. Horrela dago Euskal Herriko itsasertza, Greenpeace talde ekologistaren arabera. Txosten zabala egin dute ekologistek Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeari buruz, eta ondorioek itsasbazterraren egoera larria dela jartzen dute agerian: kostan gero eta gehiago eraikitzen ari dira, batetik; bestetik, kirol eta merkataritza portu handiak egiten. Gizakiak bultzatu dituen jarduerak bilakatu dira, beraz, euskal itsas hegiaren arerio nagusi.

Jarduera horiek guztiak kostaldea hondatzen ari direla nabarmendu du Greenpeacek. Eraikuntza lanek, azpiegituren areagotzeak eta kutsadurak tokia kendu diote itsasbazterrari; gainera, hainbat naturgune hondatu dituzte, eta kostan higadura eragin dute. Arazoaren berri ematearekin batera, euskal kostaldeko leku kaltetuenen zerrenda egin du talde ekologistak; azaldu du, halaber, non dagoen ura zikinen, eta non egin nahi diren itsasertzaren geroa kolokan jar dezaketen azpiegiturak. Egitasmo horiek «mehatxu» gisa izendatu dituzte plazaratu berri duten txostenean.

Greenpeaceren ustez, erakundeek ez dute arduraz kudeatzen kostaldea, eta, ondorioz, haren egoerak okerrera egin du. Azken urteko datuak jarri dituzte taldeko kideek egoeraren larritasunaren adibide.Kostaldean gero eta gehiago eraikitzen ari dira, eta gora egin du, halaber, kostan egiten diren lanen kopuruak. Obra horiek ekonomiaren ikuspuntutik egiten direla salatu du Greenpeacek, eta, ondorioz, bazter uzten direla kostaldeko naturguneak berreskuratzeko hartu beharreko neurriak. «Neurriok dira, ordea, itsasertzaren etorkizuna bermatzeko aukera bakarra», ekarri nahi izan dute gogora.

Kaietako egitasmoak, kezka iturri

Mehatxuen artean, Bilboko portua handitzeko lanak eta Pasaiako kanpo kaiaren proiektua nabarmendu ditu talde ekologistak. Azpimarratu du, halaber, kutsadurak kalte larria egiten diola itsas hegiari.

Kostaldean egiten diren etxebizitzek kutsatzen dute kosta, neurri handi batean, Greenpeaceren arabera. Eusko Jaurlaritzak arazo horri aurre egiteko duen plana txalotu dute ekologistek. Hainbat hondartzatan uraren kalitatea oraindik ere txarra dela gaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.