«Aprobetxa ditzagun kostaldeko haize freskoak, meatzeak euskaraz betetzeko». Kostatik barnealdera, herri euskaldunetatik gune erdaldunagora. Azken bi urteetan Bermeon eta Ondarroan izan ondoren, Meatzaldera egingo du salto Bizkaiko Ikastolen jaiaren 34. ekitaldiak. Izan ere, datorren urtean Trapagaranen izango da Ibilaldia, hango Itxaropena ikastolak antolatuta, maiatzaren 27an. Urte erdi baino gehiago falta den arren, festarako prestatzen ari dira jada herrian.
1972. urtean sortu zenetik, Trapagarandik ez ezik inguruko herrietatik heldutako haurren ikastola da Itxaropena; «Zorrotzatik [Bilbo] Sopuertara», zehaztu du Jose Mari Andres zuzendariak. Hedatze horren seinale da ikasleen kopuruaren hazkundea: orain sei urte 350 haur ziren, eta, orain, 500. Sei urte barru 700era heltzea aurreikusten dute. «Hori dela eta, beste ikastetxe bat eraikitzeko dirua lortu nahi dugu Ibilaldiaren bidez».
Hala, maiatzaren 27ra bitartean kirol eta kultura ekimen ugari antolatuko dituzte, bai Trapagaranen, bai eskualdean, «inguru osoan euskarari bultzada emateko». Ildo horretan, hizkuntza Ezkerralde eta Meatzaldetik aldendu duen «elezaharraz» mintzatu da Xabier Cuellar Trapagarango alkatea: «Euskara gaztelania baino zaharragoa zen hemen. Badakigu inguruko herrietan erabiltzen zela, eta horren erakusgarri da hainbat lekutako toponimia». Egun, ordea, ahulduta dago euskara, hiztun kopurua handitzen ari den arren. «Euskaraz egun osoan hitz egin ahal izatea lortu behar dugu, hau da, euskara maitatzea», erantsi du alkateak.
Hizkuntza sustatzearekin batera, ikastolen proiektua herriratzea eta zabaltzea ere izango du xede Ibilaldiak. Ikastolen Elkarteko buru Koldo Tellituk nabarmendu duenez, «Ibilaldirik gabe hainbat eskualdetan zaila izango litzateke hezkuntza egitasmoei aurre egitea». Hala, Tellituk gogora ekarri du euskal curriculuma aplikatzea dela ikastolek gaur egun daukaten erronka: «XX. mendean gure eredua sendotu genuen; curriculuma da XIX. mendeko xedea, egingo dugun ekarpena, gure balio erantsia».
Ibipuntuzero lelopean egingo da Ibilaldia. Izen hori logotipoan irudikatzeko erabili diren koloreei erreparatuta, hiru zati ditu: I-bi-puntuzero. I-k Ibilaldiari egiten dio erreferentzia, eta bi hitzaren bidez nabarmendu dute Trapagaranek bigarrenez hartuko duela ikastolen jaia. 1996an ere antolatu zuen, «arrakasta handiz, gainera», alkateak gogorarazi duenez.
Era berean, teknologia eta komunikatzeko molde berrien erabilerari garrantzia eman nahi izan diote leloan: «Ibilaldia ere 2.0 izan behar delakoan gaude». Esaterako, Interneteko sare sozialen bidez Ibilaldiaren abestia aukeratzeko prozesuan parte hartu ahal izango dute herritarrek. www.ibilaldia.net webgunea laster prest egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Ibiltxuren etorrera
Maiatzaren 27rako prestatzen hasia da jadanik Itxaropena ikastola, eta horren seinale, aste honetan izandako bisita. «Asteartean espaziontzi bat lurreratu zen ikastolan. Teknikariak etorri ziren, eta dena ondo zegoela baieztatu zutenean, Ibiltxo ateratzea lortu genuen», azaldu du zuzendariak.
Ibilaldiaren maskota da Ibiltxo, planeta ezezagun batetik iritsitako lagun berdea, meatzarien tresnak darabiltzana. «Oraindik ez dakigu askorik berari buruz. Euskara irakasten ari gatzaizkio, baina teknologietan aditua da, eta puntuzeroarekin lagunduko gaitu».
Kostatik meategietara
Ibilaldia Trapagaranen eginez, euskarari eta ikastolen ereduari bultzada eman nahi diete Meatzaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu