Krea, nahastuz doan korapiloa

Atzerriko unibertsitateek Gasteizko eraikinean eskainiko dituzten graduen berri eman dute; ordea, epaileak egitasmo hori ahalbidetzen duen ituna indargabetu du.

Krea eraikina, Betoñuko karmeliten komentuan egina. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Munduko lehen campus globala» airean dago. INTL Campus egitasmoak udazkenerako prest egon behar zuen, Gasteizen. Proiektu horrek atzerriko unibertsitateetako graduak eta graduondokoak eskaini behar zituen, Betoñuko Krea eraikinean. Urtarrilaren 26an horren guztiaren berri eman zuten sustatzaileek, Patxi Ormazabal Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu ohiak eta Igor Crespok barne. Ordea, egitasmoa aurkeztu eta bi egunera korapilatu egin da «campus globalaren» geroa.

Nazioarteko «prestigiozko» unibertsitateen eskaintza Gasteizera ekartzeko asmoa 2014an hasi zuten. Abiapuntua argia zen, sustatzaileek beraiek azaldua: «balioa eman» nahi zieten Gasteizen erabilerarik ez zuten azpiegiturei. Krea eraikina aukeratu zuten «campus globala» hartzeko; hots, Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak Betoñuko karmeldarren komentu zaharrean egindako eraikina. Kultura garaikidearekin lotutako egitasmoa bertan behera geratu ondoren, ez zuen erabilerarik. Horren gainean hasi ziren egitasmoa eraikitzen. Oinarriak ez ziren sendoak, ordea.

Egitasmoak arazo batekin egin zuen topo, hasieratik bertatik. Vital Kutxak ez zuen azpiegitura hori beste inori uzterik. 2006an sinatutako akordio batean, Gasteizko Udalak, jatorrizko jabeak, Gizarte Ekintzari 30 urterako utzi zion eraikina; hartara, Gizarte Ekintzak berak azpiegitura horren erabilera egiteko aukera izango zuen, betiere kulturarekin lotuta. Hori ikusirik, Vital Kutxak eskatuta, Javier Marotoren udal gobernuak araua aldatu zuen 2014an bertan. Aldaketari esker Vital Kutxak azpiegitura hirugarren eragile bati alokatu edosaltzeko aukera zuen. Horrela, INTL Campus egitasmoari atea ireki zioten.

EH Bilduk ez zuen erabakiarekin bat egin. Interes publikoaren aurka zihoala argudiatuta, 2006ko akordioaren aldaketari helegitea jarri zion. Gasteizko Udalean bertan aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu. Administrazioarekiko Auzietako Gasteizko 2. Epaitegira jo zuen gero, eta han aintzat hartu zuten helegitea. Bi urteren buruan, epaileak arrazoia eman dio. Epailearen iritziz, 2014an onartutako aldaketak 2006ko jatorrizko akordioaren «espiritua nabarmen aldatzen du».

Miren Larrion EH Bilduko Gasteizko eledunak ontzat jo du epailearen ebazpena. «San Antonioko bulegoekin ez bezala, egoera lehengoratzeko aukera dugu», adierazi du. Hain zuzen ere, 2014an egindako itun aldaketa Marotoren agintaldiaren «klientelismoaren» isla dela gaineratu du. «Kontrol publikoa berreskura dezakegu; Krea ezin da egun bat gehiago ere itxita egon».

Udalak, helegitea

Gasteizko Udalak aukera du epailearen erabakiari helegitea jartzeko. Alvaro Iturritxa Ingurumen eta Hirigintza koordinatzaile nagusiak iragarri du hala egingo duela. Are gehiago, helegitea ahalik eta azkarrena ebazteko eskatu dio epaileari, Kreako INTL Campus egitasmoak eraginik izan ez dezan. Larrionek, berriz, halakorik ez egiteko eskatu dio udalari. «Gobernuak eraikina berreskuratzeko ildoan lan egin behar du; horrela, udala izango da erabilera egokiena erabakiko duena».

Kontrol publikoa berreskuratuz gero, «ideia lehiaketa» bat egiteko aukera planteatu du Larrionek, egitasmoen gaineko informazio osoarekin. «Hartuko duten zabaleraren arabera, agian bat baino gehiago egin daitezke». Horren harira, oroitarazi du INTL Campus egitasmoaren gaineko informazio eskasa dagoela.

Gasteizko Udalaren helegitearen erantzuna jakin bitartean, mahai gainean jarraitzen du «campus globalaren» egitasmoak. Proiektuak aurrera eginez gero ehun ikaslerentzako eskaintza izango du, Erresuma Batuko unibertsitateek emana, eta ikasketak ezin izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistemarekin homologatu.

Bestalde, Arabako kultur eragileek Krea eraikina irekitzeko eskatu dute. Gaiari «era eraikitzaile eta demokratikoan» heltzea galdegin diote Gasteizko Udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Vital Kutxari —egungo jabea—. Kutxaren erabakia argi geratu da, ordea. Iaz Irantzu Lekue artista auzitara eramatear egon zen, Krea aurrean rangoli bat marrazteagatik. Etorkizun oparoa eskatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.