Atzeritik iritsitako etorkinen eragina euskal ekonomian eta demografian izeneko azterketa egin du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak. Gaur goizean Bilbon emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren etorkinek 371,9 milioi euroko inbertsioa eskatu zioten 2008an administrazio publikoari. Baina, era berean, 443 milioi euroko ekarpena egin zuten zerga eta kotizazio bidez. Hala, 71 milio eurotik gorako balantza positiboa utzi zuten.
Hurrengo azterketa 2012ko datuekin egin dute, krisia gogorren egon den garaiko estatistikekin. Nabarmen handitu da etorkinek administrazioari eskatutako gastua: 593,3 milioi euro. Baina, era berean, hazi egin da egin duten ekarpena: 631,5 milioi. Bien arteko aldea apaldu bada ere, positiboa da oraindik. Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariaren arabera, gastuen gorakada ulertzeko atzerritarren kopuruak ere gora egin duela hartu behar da kontutan.
Ekonomia publikoan ez ezik, demografian ere izan du eragina immigrazioak. 1980. hamarkadatik Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak biztanleria galdu dute. Baina atzerritik etorritako etorkinei esker, joera hori gelditu egin da. Besteak beste, jaiotza tasa handitzen eta mendekotasun tasa apaltzen lagundu dute. Etorkinak, oro har, gazteak izaten dira. Hala, lan egiteko adinean dagoen populazioa ere handitu egin da immigrazioari esker. "Biztanleria gaztetzen lagundu dute".