Emakumeen Nazioarteko Eguna krisiaz bustita iritsi da aurten. Krisi ekonomikoa batez ere emakumeek jasaten dutela salatu dute hainbat eragilek, baina krisia ekonomia arlotik haratago doala ohartarazi dute martxoaren 8ari begira.
Emakumeen eskubideen alde, manifestazioak antolatu dituzte gaur Euskal Herria osoan hainbat alderdik, sindikatuk, mugimendu feministak eta bestelako taldek. Agerraldiak ez ezik, zenbait jarduera ere antolatu dituzte Euskal Herriko hiri eta herrietan; hala nola, hitzaldiak, lehiaketak eta erakusketak.
Ikuspegi feminista krisiari aurre egiteko bide gisa planteatu dute azken egunetan hainbat alderdik. Ezker abertzaleak, Alternatibak, Aralarrek eta EA, kasu, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak areagotu egin direla salatu dute. EAJk gaur kaleratu duen ohar batean azaldu du berdintasuna emakume eta gizonen partehartzearekin eraikitzen dela, eta salatu du krisiak emakumeengan jo duela gogorren.
Espainiako Gobernuaren lan erreformak desberdintasun horiek are handiagoak egingo dituela uste dute. Emakunde ere mintzatu da lan erreformaren inguruan, eta Maria Silvestre elkarteko zuzendariaren ustetan, "erreformaren malgutasunak kontratazioan lagun dezake, baina desabantaila gehien dituzten sektoreei babesa kentzen die, emakumeei, adibidez".
Urtero legez, Emakumeen Egunari begira kanpaina bat aurkeztu du Emakundek. Aurtengo kanpainaren ideia nagusia "berdintasuna eta krisi ekonomikoa zentzu positiboan elkartzea" da. Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du lana eta familia uztartzeko iaz baino lau milioi euro gutxiago emango dituela.
Krisiarekin batera, egoera politikoa hartu du ahotan Bilgune Feministak. Bakerako eta normalizazio politikorako emakumeek “zeresana” izango dutela azaldu dute, eta aitortza politikoa ezinbesteko duela azpimarratu dute.
Krisi ekonomikoa eskubideen krisi bihurtu dela ere salatu dute askok; tartean, Donostiako Koordinakunde Feministak. Gaur Donostiako Bulebarrean "eraldaketa feminista" aldarrikatuko dute, 19:30ean. Bilboko Martxoaren 8ko Koordinakundeak, bestetik, “ bestelako murrizketa mota batzuk" proposatu ditu aste honetan. Eliza katolikoari, segurtasun indarrei, Espainiako Errege Etxeari eta bankuei emandako dirua gutxitzeko eskatu du.
Lan erreformen eta murrizketen ondorioz, hamarkadetan lortutako eskubideetan atzera egiteko arriskua ikusi dute hainbat sindikalista eta ekonomialarik. “Ez da lanaren aurkako erasoa soilik; bizitzaren aurkakoa da”. Hala dio Amaia Perez Orozko ekonomialariak.
Emakumeen Eguna gaur bada ere, asko hasi dira aurretik emakumeen aldeko aldarrikapenak egiten. Pasa den asteburuan, esaterako, 600 bat emakume bildu ziren Leitzan, Euskal Herriko Bilgune Feministak antolatutako emakume abertzaleen topaketetan.
Igandean, berriz, 2.167 lagunek parte hartu zuten Lilatoian, emakumeen eskubideen aldeko lasterketan. Aurtengoa 23. aldia izan da, inoizko jendetsuena.