Krisia auzolanaren eta burujabetzaren alde urratsak egiteko baliatzea. Ondorio nagusi horixe atera dute asteburuan egin dituzten Auzolan Topaketetan, Altsasun (Nafarroa). «Oparotasunean bizi izan garenean ez gara konturatu azken hamarkadetan indarrean egon den ereduaren ondorioz erabat mendekoak izan garela. Baina krisia aprobetxatu behar dugu, beste gizarte eredu bat sortzeko: burujabetzan, elkartasunean eta auzolanean oinarrituta. Eredu iraunkorrago baten alde egin behar da esparru guztietan», azaldu du Jasone Mitxeltorenak, Auzolan taldeko kideak.
Topaketak «oso oparoak» izan direla uste du. «Amaieran, denak elkartu, eta asteburuan bizi izandakoaz iritzia emateko aukera izan genuen. Gehienek oso topaketa aberasgarriak izan zirela nabarmendu zuten, eta eskertu zuten erabilitako metodologia. Izan ere, normalean topaketak nahiko zurrunak dira. Kasu honetan ez da horrela izan. Guztiok landu ahal izan izan ditugu gure intereseko gaiak, eta ekarpenak egiteko modua izan dugu. Bide batez, aukera izan duguauzolanean oinarritutako proiektuak azaltzeko eta partekatzeko».
Sei gai landu dituzte: osasuna, hezkuntza, energia, elikadura, etxebizitza eta hiritik herrira deitu dutena. «Funtsezkoa da esparru horietan guztietan burujabetzan eta auzolanean pausoak ematea». Elikadura burujabetzan egin da urrats gehien. «Udalek herri lurrak baratzeak jartzeko utziz eta erabiltzen ez diren lurrak ereiteko aprobetxatuz lor daitekeela ikusi dugu». Bide batez, beharrezkoa ikusten dute tokiko hazien erabilera sustatzea. «Hori gehiago zabaldu behar da, oraindik erekontsumo taldeetan, adibidez, haziak erosi egiten baitira».
Bizi Toki proiektuari lotuta, hezkuntza bizitza proiektuan txertatzearen alde egin dute. «Proiektu horretan parte hartzen duten haurrak ez dira eskolara joaten, baizik eta gurasoak arduratzen dira heziketaz. Taldeeetan bildu, eta balio komun batzuk helarazten dizkiete seme-alabei. Izan ere, guraso horiek uste dute haurrak eskolara joanda egunerokotasunetik urruntzen direla». Halako proiektuak Euskal Herri osoan zabaldu nahi dituzte, eta Euskal Herriko hezkuntza egitasmoaskeen sarea sortu nahi dute.
Energiaren alorrean, beharrezkoa ikusten dute baliabideak eta kudeaketa tokikoak izatea, herri bakoitzarenak. «Egungo eredu zentralista gainditu behar dugu. Hainbat energia motak, eolikoak eta hidraulikoak, adibidez, badakigu kostu handia dutela. Kasu horretan, gure apustua litzateke eskualde bereko hainbat udal elkartzea energia mota horiek sortzeko egiturak jartzeko», esan du Mitxeltorenak.
Etxebizitza hutsak
Auzolan taldea kezkatuta dago hipoteka ordaindu ezin dutelako etxerik gabe geratzen ari diren familien egoerarekin; baita gurasoen etxetik joan nahi duten gazteek etxebizitza bat topatzeko dituzten zailtasunekin ere. «Arazoa oso larria da, eta beharrezkoa da heltzea. Ezer baino lehen, jakin behar dugu udalerri bakoitzean zenbat etxebizitza huts dauden. Etxebizitza horiek baliatu behar ditugu jende horri laguntzeko».
Osasun alorrean, emozioek duten garrantzia nabarmendu dute. «Emozioak bideratzen jakin behar da. Gogoz egiten denak osasuntsu egiten gaitu, eta gaizki egindakoak, gaixotu». Egungo gizarte ereduari lotuta, uste dute herritarren arteko gizarte kohesioa apurtu egin dela. «Berriro, auzolana sustatu behar da».
Topaketetan finkatutako helburuak lortzeko ekimenak jarri nahi dituzte martxan urtea bukatzerako. Auzolanek urriaren 13an egingo du hurrengo batzarra, Gasteizen.
Krisia, beste gizarte eredu baterako bidea
Burujabetzaren alde egin behar dela berretsi du Auzolan taldeak, Altsasuko topaketetan. Elikadurari, energiari eta hezkuntzari lotutako gaiak aztertu dituzte, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu