Ingurumena. 2010eko E-PRTR erregistroa

Krisia iritsi da kutsadurara ere

Euskal Herriko 229 enpresak gainditu dute Europak ezarritako kutsadura muga, PRTR erregistroaren 2010eko datuen araberaKrisiak eraginda, industria ekoizpena jaitsi da, eta horrek kutsadura gutxitu du, oro har

Krisia iritsi da kutsadurara ere.
inaki petxarroman
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Krisia eragiten ari da enpresa kutsatzaileen jardueran ere. Ekoizpena eta kontsumoa murrizten ari dira, eta, horren ondorioz, gai toxikoen isurketa ere bai. Konparaketa zehatza egitea zaila bada ere, Euskal Herriko 16 enpresa kutsatzaileenek 11 bat milioi tona CO2 isuri izan dituzte airera azken urteotan. Aurten 9 milioi CO2 isuri dituzte enpresa horiek, E-PRTR erregistroaren arabera.

Enpresa kutsatzaileenetariko bik —Bahia de Bizkaia Electricidad eta Bizkaia Energia— ez dituzte erregistroan jarri 2010eko CO2 isurketen datuak, eta beste iturri batzuetatik jaso ditu BERRIAk, aurreko urteetako datuekin konparatu ahal izateko. Bahia de Bizkaia Electricidadek (Zierbena, Bizkaia) 1,1 milioi tona CO2 isuri zituen 2010ean airera, enpresaren 2010eko Ingurumen Deklarazioaren arabera. Boroako (Zornotza, Bizkaia) Bizkaia Energiak, berriz, 0,9 milioi tona. Gainerako enpresa kutsatzaileenek ere, oro har, gutxiago kutsatu dute 2010ean. 229 dira erregistroan daturen bat duten enpresak, alegia, Europak ezarritako kutsadura muga gainditu dutenak neurgairen batean. Honako hau da egoera, sektorez sektore:

1. Zentral termikoak

2000ko hamarkadak gas naturalarekin funtzionatzen duten ziklo konbinatuko zentral termikoen oparoaldi bat ekarri zuen. Egun, elektrizitate gehien ekoizten duten zenbait zentral eraiki ziren orduan, eta euren ekoizpena handitu egin dute urtetik urtera. Alabaina, 2010ean hazkunde hori geratu egin zen. Batetik, krisiaren ondorioz, energia kontsumoa gutxitu egin zelako; eta, bestetik, ikatz bidezko zentral termikoek eta energia berriztagarriekin funtzionatzen duten instalazioek elektrizitate gehiago sartu zutelako sarera. Bi faktore horiek asko gutxitu zuten ziklo konbinatukoen ekoizpena. Konparazio baterako: Bahia de Bizkaia Electricidad-ek 1,6 milioi tona CO2 isuri zituen airera 2009an, eta 1,1 milioi 2010ean. Joera bera eduki dute Bizkaiko beste bi zentral termiko nagusiek ere. Santurtziko zentralak 0,25 milioi tona CO2 isuri zituen 2010ean, aurreko urteko erdiak. Bizkaia Energiak ere antzera: 1,5 milioi tona isuri zituen 2009an, eta 0,9 milioi 2010ean. Enpresatik BERRIAri azaldu diotenez, 2010a oso urte txarra izan zen eurentzat, ekoizpena ia erdira jaitsi zelako. Castejongo bi zentralek ere 1,25 milioi tona CO2 bota zituzten airera, aurreko urtean baino 0,1 milioi gutxiago.

Bestalde, Pasaiako ikatzezko zentral termikoak eutsi egin dio aurreko urteotako markari, alegia, enpresa kutsatzaileenetariko bat da oraindik ere. 2010ean CO2 eta NO2 pitin bat gutxiago isuri bazituen ere, SO2, artseniko eta NOX gehiago bota zituen airera Iberdrolaren instalazioak.

2. Petronor

Petronorren Muskizko findegia enpresarik kutsatzaileenetako bat da oraindik ere, nahiz eta, oro har, ingurumenari egindako kaltea txikiagoa izan zen 2010ean 2009ean baino. Airera egindako isurketak murriztu egin zituen petrolio findegiak: CO2, CO, NO2, COVNM, NO2, SO2 gutxiago isuri zituen, esate baterako. Edonola ere, bi milioi tona CO2 bota zuen airera, legeak baimendutakoa baino %2.000 gehiago. Hala ere, 2009an baino 0,3 milioi tona CO2 gutxiago isuri zituen. Uretara gai toxiko gehiago bota zuen 2009an baino. Artseniko, nikel, osagai organiko halogenatu, floruro eta karbono organiko oso gehiago isuri zuen uretara. Hondakin arriskutsuei dagokienez, 4.376 tona sortu zituen, 2009an baino bi gutxiago. Ez-arriskutsutzat jotako hondakinei dagokienez, berriz, 18.000 tona gehiago sortu zituen. Petronorren findegiak ere nozitu du krisiaren astindua azken urteotan. Egoerari aurre egiteko proiektu bat dute martxan jartzeko zorian: koke planta. Ekologistek gogor salatu dute egitasmo hori.

3. Porlan fabrikak

Sektore kutsatzaileenetakoa da zementuarena. Lau fabrika nagusi daude: Cementos Rezolaren Añorgako eta Arrigorriagako plantak, eta FCCren Cementos Lemona (Lemoa, Bizkaia) eta Portland Valderribas (Olatzagutia, Nafarroa). Lauren artean 1,5 milioi tona CO2 isuri zituzten airera 2010ean. Asko bada ere, aurreko urteotan baino dezente gutxiago. Esate baterako, 2007an 2,11 milioi tona CO2 isuri zituzten. COaren isurketa ekoizpenarekin zuzenki lotuta dagoenez, erakusten du krisiak nabarmen gutxitu duela zementu fabriken jarduna. Antzeko datuak daude gainerako isurketa nagusiekin: CO, NO2, SO2 eta beste... Cementos Rezolaren fabrikek 2010ean hondakin toxiko gehiago sortu zituzten 2009an baino: 74 tona, 2009an baino 18 gehiago. FCC taldearen bi plantek, berriz, hondakin arriskutsu gutxiago sortu zituzten: 65 tona. 2009an 74 tona metatu zituzten.

4. Zaborraren kudeaketa

Hiri hondakinen kudeaketa ez da iraunkorra. Eta bereizteari lehentasunik ematen ez dion sistemak zabortegiak ditu ardatz ia lurralde osoan. Zabortegiak, gaur-gaurkoz, osagai kutsagarri toxikoen isurleak dira. Esate baterako, metanoa legez baimendutakoa baino dozenaka aldiz gehiago isurtzen dute. Eta metanoa da berotegi efektua sortzen duten gas nagusietako bat. Berez, CO2a baino hogei aldiz kutsagarriagoa da, nahiz eta atmosferan denbora laburragoan iraun. Artigasko zabortegia (Bilbo) da Euskal Herri osoko kutsatzaileena: 2010ean 7,6 mila tona metano bota zituen atmosferara. Krisiaren ondorioz kontsumoa gutxitu denez, eta hiri hondakin gutxiago sortzen direnez, aurreko urteotan baino gutxiago kutsatu dute zabortegiek. Esaterako, Artigaskoak bederatzi mila tona metano isuri zituen 2007an atmosferara, alegia, 2010ean baino ia bi mila tona gehiago. Lapatxekoa eta Senperekoa dira, Bilbokoaren atzetik, gehien kutsatzen duten bi zabortegiak. Lapatxek 2,6 mila tona metano isuri zituen 2010ean, eta Senperek, 2,1 mila tona. Lapatxek kopuru bera isuri zuen 2008an, eta Senperekoak pitin bat gutxiago. Urte horretara arte, Lapatxek askoz ere gutxiago kutsatzen zuen, baina urte hartan San Marko mankomunitateko herrien zaborrak jasotzeari ekin zion, eta horregatik gertatu da halako hazkundea.

Zabortegiak kutsatzaileak badira ere, Zabalgarbi errauste planta ez da atzean geratzen. 0,3 milioi tona CO2 isuri zituen 2010ean, 2009an bezainbeste. Horrez gain, ia 8.000 tona hondakin arriskutsu sortu zituen.

5. Paper industria

Paper fabrikek ingurumena garai batean baino gutxiago hondatzen badute ere, oraindik ere haien eragina handia da; bereziki, Gipuzkoan —tradizio handia du— eta Bizkaian. Hiru kutsadura gune nagusi daude: Hernani (Guipuzcoana paper fabrikak eragina), Errenteria (Papresak eragina) eta Durangaldea (Smurfit Nervionek eragina).

Inguruko herritarrei usain txarra eta zenbait une gogaikarri eragiteaz gain, paper fabrikek uretara eta airera gai toxiko ugari isurtzen dituzte: amoniakoa, CO2, kromoa, karbono organiko osoa, osagai organiko halogenatuak, NO2, artsenikoa, kobrea, merkurioa... Gainera, aipatutako hiru fabrika horien datuei erreparatuta, esan daiteke, oro har, euren ekoizpena eta kutsadura handitu egin dutela. Baita sortutako hondakin toxiko arriskutsuen kopurua ere. Hernaniko fabrikak 84 tona sortu zituen 2010ean, 2009an baino lau gehiago; Papresak 38 tona, aurreko urtean baino bat gehiago; eta, Smurfit Nervionek 43 tona, 2009an baino 31 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.